Jardunaldi gogorra eta aurkari zailak izan zituzten Zarauzko Eskubaloiko gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeek asteburuan, Aritzbatalden. Aialak lidertza izan zuen jokoan Sporting La Riojaren aurka, eta lehia nahiko orekatua izan bazen ere, errioxarrek hasieratik lortutako errenta txikiari esker gailendu ziren. Bi taldeen arteko aldeak areagotu eta murriztuz joan zen partidan zehar: lehen zatiko amaiera aldean eta bigarren zatiaren hasieran lau goletara jarri ziren aurkariak, baina bigarren zatiko erdialdean Zarauzko taldea gora etorri zen eta gol batera ere jarri zen. Amaieran, ordea, Sporting La Riojak jokoari eutsi zion, eta 18-20 irabazi zuen.
Gizonezkoetan, Bartzelonako bigarren taldeak indartsu ekin zion lehiari, eta lehenengo 10 minututan zazpi gol lortu zituen, Amenabarrek bat bera lortu gabe. Partida hasiera hark erabakita utzi zuen, nolabait esateko, bien arteko partida: golen bat edo beste gorabehera, abantaila nabarmenari eutsi zion talde katalanak. Azken emaitza 24-31koa izan zen Amenabarren kontra.
Datorren jardunaldian Zumosol ARS Palma Del Rioren etxean jokatuko dute gizonezkoek; larunbatean izango da, 18:00etatik aurrera. Aialak ere larunbatean izango du neurketa, Usurbilen kontra; Oiardo kiroldegian lehiatuko dira, 19:30ean hasita.