Santa Ageda bezpera koplaz kopla

Zarauzko Hitza 2017ko otsailaren 2a

Zarautz Abesbatzako taldeak kantuan ibiliko dira herrian barna larunbat arratsaldean, Nahiko Larri taldeko trikitilariekin eta bertsolariekin. Ostiralean, herriko hainbat ikastetxeetatik aterako dira makilekin abestera.

Igandean izango da Santa Ageda eguna, eta usadio zaharrari eutsiz, Zarautz Abesbatzako taldeak koplak abestuz ibiliko dira kalez kale bezperan (otsailak 4, larunbata). Bi txanda egingo dituzte: 18:00etan, Txinpirin eta Zarautz-Txiki abesbatzak, eta 19:30ean, Zarautz Abesbatza. Ekitaldian Nahiko Larri trikitilarien eta bertsolarien laguntza izango dute.

Herriko zenbait ikastetxek ere helduko dio ohiturari, baina ostiralean (otsailaren 3an) aterako dira kantuan. Antonianoko ikasleak, irakasleak eta gurasoak kalera aterako dira arratsaldean, makilak eskuetan eta trikitilariekin.

La Salleko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak, berriz, goizean irtengo dira. 09:30ean Lege Zaharren enparantzatik abiatuko dira, eta Merkatu plazan izan ondoren, Ipar kalera joko dute. Bertan, Aizpurua gozotegian hamaiketakoa egingo dute, San Blas opilak janez. Kantu itzuliari Musika plazan emango diote amaiera. Ondoren, taldea banatu eta batzuk autobusez Maria Etxetxiki eguneko zentrora joango dira, eta beste batzuk, Santa Ana egoitzara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide