Denborale bortitzaren hirugarren urteurrena

Zarauzko Hitza 2017ko otsailaren 2a

Gaurko egunez, duela hiru urte, azken urteetako kalterik handienak eragin zituen denboraleak malekoian eta itsas pasealekuan; hilabete geroago, bigarren denborale batek kalteak aregotu zituen.

2014ko otsailaren 2an, goizeko seiak aldera itsasoak malekoia gainditu zuen, eta Hondar, Bañeru eta tabernen zonaldako kale kantoiak ubide bihurtu ziren. Olatuek gogor astindu zuen, ondorio latzak eraginez: hiri altzariak apurtuta eta lekuz mugituta; haurren parkeak birriduta, lehen ilaran dauden lokalak urez, lokatzez eta hondarrez beteta; eskulturen zati handi bat desagertuta; lurpeko garajeak urak hartuta; portuko baranda txikituta; txalupak mila puska eginda; kostako errepidea zulatuta; duna desagertuta…Hori izan zen herritarrek goizean hondartzara gerturatzean aurkitu zuten panorama.

Iaz ere izan zen denboralea data inguru hauetan, baina eragindako kalteak apalagoak izan ziren. Hain justu ere, asteburu honetara begira ere olatu handiak espero dira; hasiera batean, abisu horia dago emanda kostaldeko arriskuagatik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide