«Harrera familiek, familia giroa eta babesa eskaini behar dute»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko otsailaren 1a

Gaur harrera familien inguruko hitzaldia emango du foru aldundiak Zarauzko kiroldegian, 15:00etan. Horren harira, harrera familia moduan bizitako esperientzia kontatu du Aitor Iruretagoienak.

Aitor Iruretagoienak (Aia, 1967) duela hamar urte erabaki zuen harrera familia izatea. Azken hamarkadan harrera munduanmurgilduta egon da, eta urteetan Beroa Gipuzkoako Harrera Familien elkarteko zuzendaritzako kidea ere izan da aiarra.

Zer dela-eta erabaki zenuen harrera familia izatea?
Nik ez dut seme-alaba biologikorik, eta nire taldetxoa osatu nahi nuen. Hasiera batean, haurrak adoptatzea pentsatu nuen, eta prozesu luze batean murgildu nintzen. Batean, irratia entzuten ari nintzela, harrera familien berri izan nuen, eta informatzen hasi nintzen. Ohartu nintzen familia baten beharra zuten haur asko zeudela, eta harrera familia bezala eskaintzea erabaki nuen, nik ez bainuen odoleko seme-alabak izateko beharrik.

Prozesua luzea izan al zen?
Egokitasun azterketa bat pasatu behar izaten da haur bat adoptatzeko edo harrera familia izateko egokia zarela ziurtatzeko. Gainditu nuen, eta handik gutxira proposamena egin zidaten. Hasieran, nire ezaugarriak kontuan hartuta, komentatu zidaten hiru urtetik beherako haur baten harrera iraunkorra izango litzatekeela egokiena. Hala ere, astebetera 13 eta 7 urteko bi ahizpa hartzeko proposamena egin zidaten foru aldunditik. Oso gustura hartu nuen proposamena. Hori orain dela hamar urte izan zen; orain, zaharrena independizatuta dago, baina oso harreman ona dugu, eta asteburuetan bisitan etortzen zaigu etxera. Txikia etxean bizi da nirekin.

Orain, bestalde, lau hilabeteko haurra dut larrialdiko harreran hartuta, eta epe batean egongo da gurekin. Niretzat esperientzia zoragarria izaten ari da, beti izan baitut haur txiki bat zaintzeko gogoa.

Harrera familietan ere mota desberdinak daude, beraz?
Batzuetan aldi baterako harrera izan daiteke eta beste batzuetan harrera iraunkorra; badago larrialdiko harrera ere. Azken hori haur txikien kasuan ematen da, ume horiek zaintza berezia behar dutenez ezin baitute pisu tutelatuetan egon. Denboraldi batean harrera familietan egoten dira, teknikariek familia biologikoetara itzuli daitezkeela erabakitzen duten arte, edo harrera familia iraunkor bat aurkitzen zaien arte.

Nolakoa da harreran hartzen diren haurren egokitzapena familia berrian?
Haur bakoitzak prozesu desberdina bizi du, faktore askok eragiten baitute. Haur askok motxila astuna izaten dute, eta oso kaltetuak badaude egokitzapena ez da erraza izaten. Lau hilabeteko haurtxo txiki baten egokitzapena errazagoa izaten da hasieran behintzat. Gure neskak, gure etxera etorri baino lehen, bi urtez egon ziren Gipuzkoako Foru Aldundiaren pisu tutelatu batean bizitzen, eta bat-batean baserri batera etorri ziren bizitzera. Nerabe batentzat goizetik gauera bizimodua horrela aldatzea talka handia da; txikiarentzat, berriz, zoragarria izan zen.

Haurrek beren familia biologikoekin harremana izaten al dute?
Haurraren eta familia biologikoaren arteko harremana ez da eteten, eta aberasgarria iruditzen zait gainera. Epaile batek erabakitzen du bisitek zer maiztasun izan behar duten, egoeraren arabera. Nik uste dut familia biologikoa zaintzea oso garrantzitsua dela, bisitak errespetatu behar dira, eta ez da horietaz gaizki hitz egin behar.

Harrera familientzat aberasgarria al da esperientzia?
Denontzat da aberasgarria, haurrentzat eta familientzat. Nire iritziz harrera munduan sartzea erabakitzen duenak, lehenik eta behin, bere nahia betetzeko egiten du. Nik esaterako, nire taldetxoa edo familia nahi nuen, eta horretarako bide hau aukeratu nuen. Beste batzuek gaur egun modan jartzen ari den haurdunaldi subrogatua aukeratzen dute horretarako. Ni ez naiz horren aldekoa, egoera zaila bizi duten haur asko baitaude.

Oraindik oso ezezaguna da harrera mundua, ezta?
Bai, nik duela hamar urte harrera familia izatea erabaki nuenean, ez zen ezer entzuten gaiaz. Azken urteetan komunikabideek harrera mundua asko landu dute, baina oraindik aurreiritzi asko daude.

Zer motatako aurreiritziak?
Jende askorentzat zaila da harrera mundua ulertzea. Seme-alaben jabetza kontzeptua oso barneratuta dugu, eta horrek atzera botatzen ditu familia asko. Askok aipatzen dute haurra «kentzen» digutenean pena handia sentituko dugula. Baina zer egin behar dugu, pena sentitzeko beldurrez ezer egin ez? Nik uste dut gakoa haurrarekin harremana lantzea dela, jabetza kontzeptutik haratago, gure artean lotura sendoa sortu dadin. Familia guztien helburua haurrak babestea eta adinez nagusiak direnean beren kasa bidea egin dezaten erremintak eskaintzea izan behar du. Azken puntu hori ahaztu egiten zaigu.

Zer gomendio emango zenizkieke haurrak harreran hartzea pentsatzen ari direnei?
Haurrei familia giro bat emateko prest egon behar dute, eta ume hori eta haren familia biologikoa onartzeko prest. Askotan familia biologikoa epaitzeko tentazioa izaten da, oso erraza baita haurra kendu dioten familia bati errua botatzea. Nik neuk uste dut, familia biologiko askok ez dutela jakin seme-alabak hezitzen, baina seme-alabak maite dituztela. Horregatik, ez da harrerako haurren familia biologikoa epaitu behar, onartu egin behar da eta errespetatu. Gauzak ondo egin nahi badira, ezin da familia baten seme-alabak etxean hartu, eta familia horretaz gaizki hitz egiten jardun, umearen aurka ari baitzara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide