Bi urte negoziatzen pasatu eta bi greba egun egin ondoren, Indaux enpresako langileak eta zuzendaritza adostasunera iritsi dira. Atzo Indauxeko langileek batzarra egin zuten, eta 153 baiezko botorekin, 12 ezezko eta 2 boto zurirekin, hitzarmena onartu zuten langileen asanbladak. “Negoziazio amaigabeari LABek hasieratik jarritako helburuak betetzen ditu hitzarmenak, kontratu berriek pairatzen zuten egoera bidegabearekin amaitzen baitu”, azaldu dute LAB sindikatutik. Izan ere, langileek adierazi dutenez, aurreko hitzarmenean kontratu berriek “kategoria baxuagoa” zuten, “%30 gutxiago kobratzen baizuten”. Hitzarmen berriak kategoria hori desagerrarazi duela azaldu dute langileen ordezkariek.
Horrez gain, enplegua ez desagerrarazteko aparteko orduak kobratzea debekatzen du hitzarmenak, eta KPIari lotutako soldata igoera bermatzen du, baita igoera hori enpresa barneko tauletan aplikatzea ere. Itunak lan erreformaren kontrako klausula ere jasotzen du, hitzarmenean jasotako lan baldintzak bermatuz. Gainera, enpresa euskalduntzeko Euskara Plana garatzeko konpromisoa hartu du enpresako zuzendaritzak.
LABeko ordezkariek nabarmendu dute, hitzarmena ez litzatekeela posible izango Indauxeko langileen parte-hartzerik eta kohesiorik gabe. “Aurrerantzean ere horrek izan behar du jorratu beharreko bidea, enpresako langile guztien eskubideak babesteko”.
Greba abenduan eta urtarrilean
Indauxeko langileek abenduaren 22an eta urtarrilaren 12an greba egin zuten, eta zuzendaritzak adostasunera iristeko urratsik ematen ez bazuen urtarrilaren amaieran bost eguneko greba eta otsailaren 5etik aurrera greba mugagabea egingo zutela erabakita zuten. Bost eguneko grebari hasiera emateko hiru egun falta direnean, adostasuna lortu dute zuzendaritzak eta langileek.
Hainbat zarauztarrek egiten dute lan Indauxen.