Unai Gastañares eta Unai Zabala sarituko dituzte Triatloiaren Galan

Zarauzko Hitza 2017ko urtarrilaren 24a

Unai Gastañares Zarauzko Triatloian (Aritz Mutiozabal).

Sari banaketa ekitaldia igande honetan izango da Itziarko Salegi jatetxean.

Euskadiko Triatloi Federazioak 2016ko Euskal Herriko Duatloi eta Triatloi zirkuituetako onenak sarituko ditu igande honetan, urtarrilaren 29an. Ehundaka parte hartzaile izan ditu aurtengo zirkuituek, eta tartean zarauztarrak ere izan dira. Triatloiko sarituen artean ere badira, gainera.

NikTri taldeko Unai Gastañaresek hirugarren bukatu du sailkapen orokorrean, gizonezkoen maila absolutuan, eta lehen postuan, beteranoen lehen mailan. Zarauzko Triatloi Elkarteko kide eta Orioko bizilagun Unai Zabala bigarrena izan da kadete gizonezkoetan.

Sari banaketa ekitaldia Itziarren izango da, Salegi jatetxean, 13:30ean. Bertan elkartuko dira triatleta esanguretsuenak, klubak, zuzendariak eta, oro har, zaleak.

Ekitaldi honekin, nolabait ere, denboraldi berriari hasiera emango diote; lehen proba Barakaldoko Mendi Duatloia izango da, otsailaren 24an. Aurtengo zirkuitua, gainera, EAEko probez bakarrik osatuta egongo dela erabaki dute Euskadiklo Triatloi Federazioaren biltzar orokorrean onartutako egutegian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide