'Urola Kosta sortzailea' ekimena jarri du martxan UKUEk

Zarauzko Hitza 2017ko urtarrilaren 23a

Helburua da kultura zein sormen industrietan diharduten eskualdeko profesional eta enpresen azterketa egitea, sektore gisa indartu eta lankidetza sustatzeko.

Urola Kostako Udal Elkarteak Urola Kosta Sortzailea ekimena jarri du martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Horren helburua da eskualdean kultura eta sormen industrien sektorea alor ekonomiko gisa indartzea, tokiko enplegua hobetuz eta kalitatezko lanpostuak bultzatzeko testuingurua indartuz.

Ekimenak 6 hilabete iraungo du, eta ondokoak landuko dituzte: eskualdean kultura eta sormenezko industrien alorrean lanean dabiltzan pertsona, profesional eta eragileak identifikatu; sektoreko ekoizle eta bestelako eragileen beharren eta potentzialtasunen azterketa egin; sektoreen profesionalizazioa sustatu; sektorea balioetsi, sektoreak berak eta gizarteak barnera dezaten gizartean eta ekonomian duen garrantzia eta sektore profesional zein enpresen artean eta beste alorretako enpresekin lankidetza sustatu.

Bestalde, gogoratu dute Eusko Jaurlaritzak kultur eta sormen sektorearentzako hainbat diru-laguntza deialdi egin dituela: 2017. eta 2018. urtean zehar burutuko diren kultura-gune independenteek aurkezten dituzten jarduera-proiektuei azpiegitura eta egitura egokiak erabiltzeko; bitartekaritza eta sare-lanaren bidez ikerketa, berrikuntza eta arte garaikidearekin konprometituta dauden proiektuak bultzatzeko nahiz antzerkiko profesionalak prestatzeko programa eta jarduerak garatzeko. 

Urola Kosta Sortzailea ekimenean parte hartzeko eta diru-laguntzen inguruko informazioa eskuratu nahi dutenak Udal Elkartera (Urdaneta bidea, 6) jo dezake, bertara deitu (943-890808) edota idatzi (enpresa@urolakosta.eus).
 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide