Duela urte batzuk elkartu ziren Euskal Herriko hiru antzerki talde: Artedrama (Bizkaia), Le Petit Théâtre de Pain (Lapurdi) eta Dejabu Panpin Laborategia (Gipuzkoa). Ordutik, hiru lan taularatu dituzte: Errautsak, Hamlet eta Francoren bilobari gutuna. Azken hori urriaren 31ean estreinatu zuten, Luhuson, eta Azpeitiko XXXIV. Euskal Antzerki Topaketen barruan ere izan zen ikusgai, azaroaren 4ean, eta baita Zumaian ere, abenduaren 16an.
Orain, otsailaren 10ean Zarautzera helduko da. Modelo aretoan eskainiko dute, 22:00etan. Testua Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi dute, eta Erika Olaizola azpeitiarra da antzezleetako bat. Honakoa adierazi zion Uztarria aldizkariari: "Pertsonaia guztiek iraganeko mamuak ezkutatzen dituzte, guztiek dute iraganeko motxilaren pisua gainean. Pertsonaien gainean dagoen laino beltza da frankismoa, hori da ospitalean arnasten dena. Nazismoak, frankismoak ez bezala, historian zehar izan du auzi bat gizarte mailan. Obra hau, frankismoari egiten zaion auzi sinbolikoa da".
Sarrerak dagoeneko salgai daude Sanz Enea kultur etxean, 8 euroan. Esteka honetan aurki daiteke Antzezlanari buruzko informazio zabalagoa.