Inauterietako kartel lehiaketa antolatu dute

Zarauzko Hitza 2017ko urtarrilaren 16a

Otsailaren 1era arte aurkez daitezke lanak.

Hilabete inguru geratzen dira Inauterietarako, eta horri lotuta kartel lehiaketa antolatu dute Zarauzko Udaleko Jaiak eta Ekitaldiak alorrak zein Euskalduna tabernak. Edonork har dezake parte sariketan, gehienez ere bi lan aurkeztuta. Lanek originalak izan beharko dute, norberak sortuak eta inoiz argitaratu gabeak. Ondoko testua gehitu beharko zaie irudiei: Inauteriak 2017 Carnavales — Otsailak 25-26 Febrero — Zarautz.

A-3 neurrian aurkeztu beharko dira, teknika librea erabiliz eta TIFF, JPG eta PDF formatuan. Euskalduna tabernara (Kale Nagusia, 37, 20800 Zarautz) edota Zarauzko Turismo Bulegora (Nafarroa kalea, 3, 20800 Zarautz) bidali beharko dira, otsailaren 1a baino lehen.

Lanarekin batera, gutunazal itxi bat ere aurkeztu beharko da, kartelaren atzealdean itsatsita eta izenburua zehaztuz. Gutunazalaren barruan egilearen datuak zerrendatu beharko dira: izen-abizenak, telefono zenbakia eta IFZa.

Bi sari

Bi sari emango dituzte: bata, epaimahaiarena, 400 eurokoa, eta bestea, publikoarena. Otsailaren 4ean Facebooken jarriko dituzte aurkeztutako lanak ikusgai, eta herritarrek bozkatzeko aukera izango dute, otsailaren 10eko 12:00ak arte. Boto gehien eskuratzen dituen kartelaren jabeak bi lagunentzako afaria eskuratuko du sari gisa.

Kartelekin erakusketa antolatu dute Euskalduna tabernan. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek Turismo Bulegoarekin jarri beharko dute harremanetan, bertara jota, 943-830990 telefonora deituta edota jaiak@zarautz.eus helbidera idatzita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide