Ohi bezala, Zarauzko Parekidetasun sailak hainbat ikastaro antolatu ditu Jabetze Eskolaren barruan urteko lehenbiziko seihilabeterako ere. Oraingoan, zazpi gai jorratuko dituzte. Batetik, jendaurrean hitz egiteko teknikak irakatsiko ditu Edurne Mendizabal sexologo eta komunikazioan adituak, euskaraz. Jendaurrean hitz egiten dugunean izaten diren bizipenak ezagutu eta generoak horretan duen eragina aztertzea izango da abiapuntua. Astelehenetan izango dira saioak, arratsaldetan, 18:00etatik 20:00etara, urtarrilaren 16tik martxoaren 20ra. 15 euro ordaindu beharko dira.
Bestetik, emozioak ezagutu eta identifikatzen ikasteko aukera eskainiko du Gure sentimenduak landuz, gu geu onartu ikastaroak. Nerea Redondo psikologo eta coaching-ean adituak gidatuko ditu saio praktikoak, euskaraz, urtarrilaren 17tik maiatzaren 9rako astearteetan, 15:00etatik 16:30era. 20 euro ordaindu beharko dira.
Era berean, nork bere burua ongi ezagutu eta maitatzeko, autoestimua landuko dute parte-hartzaileek Nora Urkitza psikologo eta psikoterapeutarekin, euskaraz. Urtarrilaren 18an hasiko dute ikastaroa eta asteazkenero izango da, maiatzaren 10era bitartean. Eskolak arratsaldez izango dira, 18:00etatik 20:00etara. 20 euro balioko du.
Zurrumurru Antzerki Taldeko Nerea Ariznabarretak Klown-a eta ahalduntzea ikastaroa gidatuko du. Jolasen bidez, parte-hartzaileek klownaren teknikak ezagutu eta komunikatzeko gorputzaren mugimendua erabiliko dute, ilusioa eta irudimena berreskuratuz, besteak beste. Ostegunetan izango dira saioak, urtarrilaren 19tik hasi eta maiatzaren 11ra bitartean, 18:30etik 20:30era. Matrikulak 15 euro balioko du eta ikastaroa euskaraz izango da.
Otsailetik aurrera
Zuk ez dakizun zer daki zure gorputzak? ikastaroa eskainiko du Patricia Verdes psikologo eta sexologian adituak. Helburua da norberak bere buruarentzat ona dena baloratu eta sistema patriarkaletik etor daitezkeen eta emakumeen kalterako diren mezuak zein diren bereiztea. Gaztelaniaz izango da, otsailaren 17tik apirilaren 7ra, 10:00etatik 13:00etara. 20 euro ordaindu beharko dira.
Maitena Monroyk, berriz, autodefentsa feminista ikastaro trinkoa emango du otsailaren 27an, egun bakarrean. Ikasten errazak diren teknikak erabiliz, eguneroko bizitzan jazo daitezkeen sexu erasoen aurrean norbere burua defendatzen irakatsiko du autodefentsa hezitzaileak. Gaztelaniaz izango da, goizez (10:00-14:00) nahiz arratsaldez (15:30-19:30), eta 20 euro ordaindu beharko dira.
Zazpigarren eta azkenengo ikastaroa Pepa Bojo psikologo eta psikoterapeutak eskainiko du, zaintza lanen inguruan. Metodologia teorikoaren bidez, bakoitzaren bizipenekin lan egingo du Bojok, mina, beldurrak zein beste hainbat emozio adierazten lagunduz. Martxoaren 9tik maiatzaren 5era izango da ikastaroa, ostegunetan, 10:00-etatik 12:00etara bitartean. Gaztelaniaz izango da eta 15 euro balioko du matrikulak.
Ikastaroak Etxezabalan izango dira eta oraindik ere plaza gutxi batzuk geratzen dira. Izena emateko Parekidetasun sailera (Zigordia kalea, 33) joan, bertara deitu (943-00 51 17) edota berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatz daiteke.