2016ko urte hasieran ekin zion Hotz-Zarautz Gobernuz Kanpoko Erakundeak, eta urtebeteko ibilbideak askorako eman dio. «Hilabete hauetan gure lana errefuxiatuen guneetara beharrezko artikuluak eta materiala bidaltzea izan da, baita beste erakunde batzuen bidez aurrera atera diren proiektu batzuk sostengatzeko diru bilketak egitea ere, eta, nola ez, herritarrak egoera honen aurrean sentsibilizatzea egindako ekimen guztietan», adierazi dute taldeko kideek.
Ekintza ugari burutu dituzte urte osoan. Besteak beste, martxoan, Munoako musikaldia; udaberrian, Grezian dauden errefuxiatuei laguntzeko material bilketa; itsulapikoak jarri dituzte herriko saltokietan: ekainean, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean hartu zuten parte; irailean, Karela Festa Orion; urrian, Zarauzko Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren III. Azokan izan ziren, Astral dokumentala eskaini zituen eta Zarautz Tanttaka Musikaldia antolatu zuten; azaroan eta abenduan, Txokolatada Solidarioa; eta orain, Kirol Zozketa Solidarioa dute martxan, beste hainbat elkarterekin batera, eta zozketa urtarrilaren 28an egingo dute.
Bien bitartean, Zarauzko hainbat boluntario izan dira errefuxiatuen kanpalekuetan, eta Hotz-Zarautzek bildutako dirua toki horietara bideratu dute, janaria nahiz beharrezko materiala erosteko: martxoan, bi boluntario izan ziren Calaisen, eta mila euroko ekarpena egin zuten; maiatzean, lau boluntarioa joan ziren Greziako Ritsona eta Oinofyta kanpamentuetan, eta 5.505,2 euro eraman zituzten; udan, bi boluntarioa izan ziren Greziako Ritsona, Oinofyta eta Eilliniko kanpamenduetan; eta abenduan, Imanol Gastañares boluntarioa joan zen Chiosera, Zaporeak taldearekin, eta 3.000 euro eraman ditu, Salvamento Maritimo Humanitario eta Zaporeak elkarteentzat.
Boluntariotza
«Kontuan izan behar da boluntario talde bat garela, eta gauza hauek guztiak kudeatzea lan eta denbora asko suposatu diola taldeari. Boluntarioen laguntzarekin atera dira aurrera antolatu ditugun hainbat ekitaldi. Beraz, urteko balantzea oso positiboa da, eta bide beretatik jarraitu nahi dugu», adierazi dute.
2016aren erdian Hotz-Zarautz formalki Gobernuz Kanpoko Erakunde bihurtzea erabaki zuten, eta une honetan, 15 lagunek osatzen dute batzordea. Halere, 200 lagunetik gorako boluntario sarea osatu dute, eta «benetan harro sentiarazten gaitu», erantzun «bikaina eta emozioz betea» eman dutelako. Herritarren jarrera eta prestutasuna berehalakoa izan dela nabarmendu dute, egitasmoarekin hasi zirenean espero ez zutena: «Hotz-Zarautzen ez ezik, Zarauzko Solidaritate Koordinadoran ere sartuta gaude taldeko batzuk, eta Hotz-Zarautzek izan duen erantzuna beste erakundeekin ez da egon. Arazoaren gertutasunagak asko eragin du». Alde horretatik, eskertuta agertu dira Hotz-Zarautzeko kideek: «Herritarren borondaterik gabe gu geu ere askoz ere ahulagoak izango ginateke».
Era berean, hainbat kolaboratzaileren laguntza nabarmendu dute, eta bereziki Zarauzko Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako Zarautz Tanttaka Musikaldian parte hartu zutenak, «urteko ekitaldi guztien artean lan gehien eskatu zuena izan baita». Ekitaldi hartan 18.000 euro lortu zituzten, eta ondorengo proiektuetara bideratu dituzte: Ritsonarekin elkartasunera, Cafe-Rits sukaldera; eta Oinofytako eskolara, hain zuzen ere.
2017rako hainbat ideia
Aurtengorako ere hainbat ekitaldi egiteko ideiak dituzte; betiere, errefuxiatuak laguntzeko ahalik eta diru gehien lortzeko azmoz. Zarauzko Udaletik aurten ere musika jaialdi bat antolatzeko proposamena jaso dute, eta erronkari heltzeko prest daude. Ekitaldi bakarra izango dela aurreratu dute gobernuz kanpoko erakundeko kideek, egun bakarrekoa segur aski, eta udan edo uda bukaeran izateko aztertzen ari dira.
Horretaz gain, «errefuxiatuen eskubideak aldarrikatzen» eta migrazio politikak salatzen» jarraituko dute. Hori horrela, «orain arte lagundu gaituzten guztien laguntza izaten jarraitu nahi dugu eta kolaboratzaile nahiz boluntaro berrien laguntza ere eskertuko dugu».