Eibarren eta Valladoliden ibili ondoren, Zarauzko bizilagun Gaizka Garitano (Derio, 1975) Lehen mailako A Coruñako Deportivo futbol taldea entrenatzen ari da aurtengo denboraldian. Une honetan, 15. postuan daude sailkapenean, eta mailari eustea dute erronka. Gaur gauean, Espanyol taldearen aurka neurtuko ditu indarrak, Bartzelonan.
Sei hilabete pasatu da taldearen gidaritza hartu zenuenetik. Nolako balorazioa egiten duzu orain arteko ibiliaz?
Balorazio ona egiten dut. Esperientzia bezala oso polita, baita aberasgarria ere. Erantzukizun handia da horrelako talde bat entrenatzea, eta momentu onak bizi izan ditugu, baina zailak ere bai. Gure helburua maila mantentzea da, eta badakigu denboraldi zaila izango dela. Egia esan, hasiera gogorra izan zen, baina pixkanaka-pixkanaka hobera egin dugu, eta alde horretatik pozik nago. Batez ere, azken hilabete eta erdian emaitzak hobeak izan dira, eta taldea sailkapeneko beheko postuetatik atera da. Apurka taldea gorantz joango den itxaropenarekin gaude.
Orain hasi al da taldea egonkortzen zuk nahiko zenukeen jokamolde horretara?
Arazo handiak izan genituen hasieran jokalariekin: batzuk berandu iritsi ziren; beste batzuk denboraldiaurrea ez zuten egin; gero, hiru jokalari garrantzitsu lesionatu egin zitzaizkigun; taldeko aurrelaria Arsenalera joan zen liga hastear zela... Orduan, denboraldi hasieran taldeko jokalari onenak zelaian ikusteko arazoak izan genituen. Jendea errekuperatzen eta osatzen joan den heinean, gauzak hobeto atera zaizkigu.
Aurrerantzean bestelako Depor bat ikusiko al du zaletuak?
Ez dakit... Gure borroka, azken finean, maila mantentzea da, eta ez da erraza izango sailkapenean gorantz joatea, baina gure asmoa denboraldia lasai bukatzea da, horrenbeste sufrimendurik pasatu gabe. Burua zertxobait atera dugu jaitsiera postuetatik, eta gure helburua zulotxo bat egitea da lasaiago ibiltzeko. Baina Lehen mailan ez da erraza partidak irabaztea.
Talde ordenatua eta taktikoki ongi prestatua gustuko duzula adierazi izan duzu. Halaxe al zaudete une honetan?
Beno, kalitatea duten jokalariak ditugu eta nahiz eta entrenatzaileak ideia batzuk izan, moldatu egin behar zara jokalarien dohainetara. Oso futbol arina eta polita egiten ari gara, baina defentsako lanean arazo batzuk ditugu. Azkenean, jokalariek entrenatzailearen izaerara moldatu behar dute pixka bat, baina baita alderantziz ere, entrenatzailea jokalarien izaerara. Nolabait ere, lan horretan gabiltza.
Konfiantzazko jendea duzu aldamenean, gidaritza lan horretan: Patxi Ferrera, Jose Luis Ribera eta Eduardo Dominguez.
Batzuk urteetan daude nirekin laguntzaile bezala, eta beste batzuk azkenengo bi urtetan. Lantalde profesionala osatzeaz gain, lagunak gara, eta hori da nire ustez garrantzitsuena: Lankideak eta lagunak izatea asko errazten du lana.
Deportivo talde historikoetako bat da: 90eko hamarkadako Superdepor eta mende berriko Eurodepor, kasu. Zaila izango al da taldea maila lehiakor horretara eramatea?
Momentu hauetan ezinezkoa da. Deportivo da Espainiako futbolean zorrik handiena izan duena, eta pixkanaka kitatzen ari da. Izenez eta historiaz klub handia da, baina egun baliabiderik ez du helburu horiek lortzeko. Hala ere, oso ongi ari dira lanean, eta etorkizunean zergatik ez, ezta? Taldea hobetuz doa urtetik urtera, eta gure itxaropena da halako egunak bizitzea. Nolanahi ere, oraindik urruti dago.
Ligako lehen partida Eibarren aurka jokatu eta irabazi egin zenuten. Sentipen arraroa izan al zenuen haien aurkako lehian?
Partida berezia izan zen, bai, baina momentua ailegatzen denean, bakoitzak berea ikusten du. Adibidez, aurten Eibarri irabazi diogu, Realari ere bai, eta aukeratzekotan beti nahiago duzu beste talde bati irabaztea. Baina horrela tokatu da.
Eibar entrenatzen hasi zinenean, etxekoa zinen eta klubaren norabidea zein zen bazenekien. Depor, berriz, talde berria duzu. Zer moduz egokitu zara?
Zeharo ezberdina da. Hamahiru jokalari atzerritar ditut, askok gaztelania ere ez dute menderatzen; beraz, ingelesez aritzen gara. Kazetariei dagokionez, Eibarren baino hiruzpalau gehiago izaten dira. Gainera, A Coruña hiri handia da eta dena ematen dute taldeagatik. Klub handia da Depor, tituluak irabazitakoa, nahiz eta ekonomikoki momentu txarrak pasatzen ari den. Egia esan, bi klub ezberdin dira, baina esperientzia oso aberasgarria izaten ari da.
Urtebeterako kontratua duzu. Helburuak betez gero jarraitzeko aukerak al dituzu?
Oraingoz, lehen mailako futbolak ez dizu bermerik ematen. Astetik astera begiratu behar da, eta momentuz gure nahia da urtea ongi hastea. Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina gauzak ongi badoaz, gustatuko litzaidake jarraitzea. Printzipioz, ordea, helburuak bete egin behar ditugu, eta ondoren aztertu egin beharko da. Hasiera batean, denboraldi bukaerara arte nago.
Helburua mailari eustea da, baina bi desilusio izan dituzu: batetik, Eibarrekin maila galdu zenuten hasieran, nahiz eta ondoren goian mantendu den; bestetik, Valladoliden 9 jardunaldiren ostean bidali zintuzten. Arantza kentzeko gogoa al duzu?
Ez dut inolako arantzarik. Eibarrekin azkenean mailari eutsi genion, eta aurretik lortutako guztia ere hor dago. Eibarren ez nuen desilusiorik izan. Valladoliden, berriz, hiru hilabete bakarrik egon nintzen... Alde horretatik, lasai nago, eta ea aurten gauzak ongi ateratzen diren.
Futbolean ohiko ikusten al dituzue joan-etorri horiek?
Bai, maletak prestatuta edukitzen ditugu beti, toki batetik bestera joateko prest. Toki batzuetan urteak egoten zara, gauzak ongi ateratzen direlako; beste batzuetan, Valladoliden bezala, hiru hilabete. Azkenean, esperientzia guztietatik ikasten da, eta ikasketak beti dira onak, ongi ala gaizki atera. Pertsona eta entrenatzaile gisa hazteko ere baliagarriak dira, zalantzarik gabe.
Futbolean beti maletak eginda. Egun A Coruñan zaude, baina bizilekua Zarautz duzu. Zer moduz daramazu distantzia?
Familia bertan geratzen da, eta etxetik kanpo bizitzeak baditu bere alde txarrak: alaba eta familia beti urruti dituzu, eta saiatzen gara elkarrekin egoten, hilabetean behin edo 20 egunetik behin. Pixka bat ohitu egin gara distantziatik harremana izatera, baina azkenean gure bizitza horrelakoa da. Oporrak ditugunean edo astebururen bat libre dugunean, beti hartzen dut tartea Euskal Herrira itzultzeko, familiarekin eta lagunekin egotera.