Zarautzen 1,5 puntu egin du behera langabeen kopuruak. Jesus Arana Garapen Ekonomikoko zinegotziak esan duenez, Zarautzen turismoak enplegua sortzen du, eta uda sasoian horrek jaisten du langabezia tasa, ekaina-abuztua artean, bereziki. Zarauzko «sektorerik garrantzitsuena» zerbitzuena bada ere, industria sustatzeko ahalegin berezia egingo dutela dio. Horren harira, Errotaberri industrialde "txukun eta ordenatua" izateko ahalegina egingo dute. Gainera, langabezia datuen garapena aztertu eta oreka soziala bermatzen saiatu behar dutela uste du.
Horrez gain, beste parametro batzuk ere kontuan izan behar direla adierazi du; besteak beste, ikasketa maila. Horri lotuta, Urola Kostan eta Zarautzen ikasketa maila «oso altua» dela, eta horrek etorkizunera begira «itxaropena» sortzen diela esan du: «Horrek erraztu egiten du herritarrek kalitatezko lana aurkitzea».
Bestalde, gogorarazi du Urola Kostako Udal Elkarteak diru laguntzak atera dituela, «enplegua eta autoenplegua sortzen laguntzeko». Horri lotuta adierazi du datozen urteetan ere milioi bat euroko partida aurreikusi dutela enplegua sortzeko.