Fermin Etxegoienek aurkezten duen Zinez saioan Asier Altuna zuzendariaren Amama pelikula estreinatuko dute. 22:15ean izango da, ETB1en.
Filmean parte hartu duten aktoreak dira Iraia Elias zarauztarra, Kandido eta Manu Uranga aita-seme zumaiarrak eta Nagore Aranburu azpeitiarra, besteak beste. Filmak bi munduren artean gatazkan dagoen familia baten istorioa azaltzen du; baserriaren eta kalearen arteko gatazka, tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka eta guraso eta seme-alaben arteko ezin ulertua. Pelikulako sekuentzietako batzuk Errezilgo Eitzeta baserrian eta Azpeitiko hainbat txokotan grabatu zituzten.
Hainbat sari irabazi ditu filmak; Euskal zinemaren Irizar Saria, esaterako. Horrez gain, hiru sari jaso zituen 26. Cine Ceará zinema jaialdian: argazki onenarena, zuzendaritza artistiko onenarena eta kritikarena.