Dagoeneko jakinarazi dute Putzuzuloko gau esanguratsuenetariko bat noiz izango den: otsailaren 17rako antolatu dute Bertsio Gaua. Interesa dutenek eman dezakete izena jada, gaztetxean bertan.
Taldeko gehienez lau kanta jo ahalko dira eta entsegatu nahi dutenek lekua nahiz materiala Putzuzulon aurkituko dute. Norberak eraman beharko ditu musika tresnak, baina bertan izango dira erabilgarri anplifikagailuak zein bateriak.
Kartelarekin omenaldi bikoitza egin nahi izan dute. Batetik, Imanol Urbieta musikagile zarauztarraren erretratua erabili dute, eta bestetik, David Bowie ere gogoan izan dute. Musikari britainiarraren Aladdin Sane diskoko tximista jarri diote arpegian Urbietari. Biak ala biak iaz hil ziren.