Kultura Zarautzek urtarrila eta martxoa bitarteko haurrentzako antzerki egitaraua osatu du. Hala, hilabetez hilabete, antzezlan bat izango da ikusgai Modelo aretoan. Lehena, urtarrialren 8an, Glu-Glu taldearen Marikixkur eta hiru hartzak izango da. Kasu honetan ipuin klasikoa gaur egunera ekarriko dute, musika eta dantza uztartuz, komedia eta jolas giroan.
Otsailaren 5ean, berriz, Pupu eta Lore haizearen herrira eskainiko du Katxiporretak, eta martxoaren 5ean, azkenik, Txalo Produkzioak-ek Jon Beldurgabe. Hiru emanaldik 16:30ean izango dira Modelon, eta sarrerak aldez aurretik jarriko dituzte salgai Sanz Enea kultur etxean, 4 eurotan.