Leire Bilbaok irabazi du Lizardi Saria, ‘Pikondoaren balada’ lanarekin

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 28a, 16:23

Leire Bilbao idazle ondarroarra.

Hamahiru lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketara, eta idazle ondarroarraren alde egin du epaimahaiak.

Pikondoaren balada ipuina gailendu da Zarauzko Udalak antolatutako XXXV. Lizardi Sarian. Hamahiru lan aurkeztu dira aurten, eta Leire Bilbaorena (Ondarroa, 1978) nabarmendu du Yolanda Arrieta, Alexander Gurrutxaga, Miren Agur Meabe eta Nerea Arrienek osatutako epaimahaiak. 3.700 euroko saria jasotzeaz gain, bere lana argitaratu egingo dute. Ohi bezala, Zarauzko Kultura Departamentuak liburuaren 2.500 ale doan banatuko ditu herriko ikastetxeetan. Argitalpena sari banaketa egunean emango dute argitara, 2017ko apirilean.

“Ez zela jaitsiko pikondotik”. Horixe aldarrikatzen du ipuinaren hasieran Martinaren osabak, eta jarrera horren inguruan oinarritzen da Pikondoaren balada. Martinak etxeko giroaren berri emango du istorioan; nagusiki, etxekoen egoera nola aldatzen den gerra iristen denean. Aitaren eta osabaren arteko dikotomiaren bidez, baina batez ere osabaren pertsonaiaren bidez, bakearen aldeko apustuak zer zailtasun dakartzan kontatzen du ipuinak.

Errealitatea eta fantasia uztartzen ditu idazleak, osabaren metamorfosia gerraren aurkako aldarri moderno bihurtuz. Estilo zaindua eta dotorean idatzitako ipuina dela nabarmendu dute antolatzaileek, ahozkoaren eragin aipagarriarekin. Gazte literatura izanagatik ere, helduentzat ere erakargarria dela gaineratu dute, gaitasun literarioengatik ez ezik, bestelako gai eta balioak jorratzeko aukera ematen duelako

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide