Zarauztarrek Saharako herriarekin behin eta berriro erakutsi duten elkartasunarekin bat eginez, aurten ere Zarauzko Udalak Sahararen Aldeko Euskal Karabana babestu du, eta karabana hori egin ahal izateko 3.000 euroko diru-laguntza bideratuko du.
Aurtengoa, Euskal Karabanaren 13. urtea da, eta urtero bezala, elkartasun kanpaina honen helburu nagusia da Saharar herriari jakiak helaraztea. Iaz 240 tona bidali ziren kanpamentuetara, eta aurten kopuru hori gainditu nahi dute. Zarautzen, Saharautz elkarteak ekingo dio urtarrilean janari bilketari eta beste herrietan bildutako elikagaiekin batera otsailean aterako da.
Iragan otsailean adierazpen instituzionala egin zuen Zarauzko Udalak Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren 40. urteurrena aldarrikatzeko. Saharar herriarekiko euskal herritarren lankidetza eta eskuzabaltasuna eskertu zituen adierazpen horretan; izan ere, horri esker, Oporrak Bakean eta Sahararen Aldeko Euskal Karabana bezalako elkartasun ekimenak bultzatzen dira.