Indauxeko langileek greba egin dute gaur, lan hitzarmena aldarrikatzeko

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko abenduaren 22a

Indauxeko langileek elkarretaratzea egin dute Getariako udaletxearen aurrean (Aiora Larrañaga Solaberrieta).)

Indauxeko langileek –horien artean, hainbat dira zarauztarrak– bi urte daramate enpresarekin lan hitzarmena negoziatzen, baina “enpresak elkarrizketak etetea erabaki du, eta langileok lanuztea eta elkarretaratzea egin ditugu negoziazioei bultzada emateko asmoz”, adierazi dute langileen ordezkariek gaur goizean Getariako plazan egin duten elkarretaratzean.

Indauxeko langileek beren “lan baldintzak bermatu” nahi dituzte, lan erreformaren eta mutualitateen erreformaren aurrean. “Oinarrizko soldata izoztuta dugu 2009tik, eta azken urtetan egin dizkiguten soldata igoerak gehigarrien atalean aplikatu dizkigute”. Horrek, lan bera egiten duten langileen artean “soldata desberdintasunak” sortu dituela, salatu dute. “Langile berriek oinarrizko soldata jasotzen dute, eta 2009ko soldata kobratzen hasten dira”. Horregatik, hemendik aurrerako soldata igoerak oinarrizko soldatan aplikatzea eskatzen dute. “Neurri solidarioa” dela nabarmendu dute Indauxeko langileen ordezkariek, “etorkizuneko langileen lan baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmena da gure lehentasuna”.

Langileek adierazi dute, enpresako zuzendaritzak, “langileek soldatak onak” dituztela esaten diela, eta mundu mailan “lehiakorragoa” izatea lortu behar duela enpresak. “Dena dela, argi utzi nahi dugu ez garela soldata igoera eskatzen ari. Guk ematen den igoera, txikia izanda ere, oinarrizko soldatan ematea nahi dugu. Hori bermatzen digutenean, hasiko gara igoera posibleez hitz egiten”.

 

Bi urte negoziatzen

Induxeko langile batzordeak eta enpresak bi urte darama hitzarmena negotziatzen. Hala ere, “langileak bateratuta” ikusi dituzten arte “enpresak negoziatzeko ahalegin gehiegi ez duela egin” salatu dute langileen ordezkariek. Langileen ordezkariek aitortu dute, “asko kostatu” zaiela langilen artean adostasunera iristea. “Langile guztiok eskaera bateratu bat egiteko lan asko egin dugu, baina azkenean lortu dugu gure artean adostasunera iristea, eta gaurko greba esaterako langileen %90ak babestu du, 180 langile inguruk hain zuzen ere”.

Gaurko grebaren aurrean, enpresaren aldetik erantzunik ez badute, mobilizatzen jarraitzeko asmoa agertu dute langileek. Bihar esaterako, langileen asanblada egingo enpresan bertan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide