Kiroldegiko arraun hobiko solairuartea prest

Zarauzko Hitza 2016ko abenduaren 22a

Solairuarte osagarri bat eraiki dute Aritzbatalde kiroldegiko aurrauneko hobiko aretoan, 102,59 metro koadroko azalerarekin, eta bertan Zarautz Arraun Elkartearentzat gimnasio berri bat sortu dute, elkarteak berak udalari hala eskatuta. Urdaintzi Eraikuntzak enpresak egin ditu solairuartea sortzeko lanak, 57.591,78 euroko aurrekontuarekin, bi hilabeteko epean.

Era berean, Zuberoa kaletik eskailera bidezko sarrera berri bat eraiki dute, eta fatxada berri bat ere ireki dute aretoaren aireztatze zein argiztapen naturala errazteko. Sarrera berri honek erakusleiho gisa funtzionatuko du, arraunlarien entrenamenduak herritarrei gerturatzeko. Xehetasun batzuren faltan, ZAEko arraunlariek urte hasieratik izango dute erabilgarri hobia eta gimnasio berria; Aiako instalazioetan zituzten makinak bertaratu egin dituzte.

Erreferentziazko toki bat

ZAE lokalez lokal ibili da urte askoan, 2007an udalak haientzako Aian lokal bat erosi zuen arte. Aurrerapauso handi izan bazen ere, elkarteak Zarautzen lekurik izan gabe jarraitzen zuen neguko lana egin ahal izateko. ZAEko presidente Jon Artola eskertuta eta pozik agertu da emaitzarekin: "Orain leku finko bat dugu, Aiara joan-etorriak egin beharrik gabe. Gisa horretan, Zarauzko arraunak herriarekin identifikatutako espazio bat izango du. Erreferentziazko toki bat eduki nahi genuen herrian, eta honek funtzio hori betetzen du".

Xabier Txurruka alkatearen esanetan, "obra hau beharrezkoa zela eta arraunlarien entrenamenduen kalitatea hobetuko duela uste dugu. Gainera, arraunlariak entrenatzen ikustea ahalbidetzen du obrak, ZAEk herrian duen presentzia indartuz”. Lan honekin udalak Zarauzko kirol instalazio eta azpiegiturak hobetzeko Obra Publikoen Planarekin duen konpromisoa indartzen duela nabarmendu du. Horren haritik, agintaldia hasi zutenetik egin dituzten lanak ekarri ditu gogora; besteak beste, Astiko errepidearen asfaltatzea, belar artifizialezko mini-zelaien obrak, udal kiroldegiko igerilekuen birgaitzea eta Astiko aldagela berrien lanak, transformadore berria nahiz errugbiko harmailaren estaldura.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide