Bederatzi urte pasatu dira Aitziber Etxeberriak (Zarautz, 1973) aurreko eleberria argitaratu zuenetik. Bere bizitzan «aldaketa handiak» egon direla dio, tartean ama ere izan baita, eta idazteko denborarik gabe ibili da. «Baina ez diot inoiz ere utzi idazteari, baina erritmoa oso mantsoa izan da».Pixkanaka-pixkanaka, beraz, Nomada lan berria gorpuzten joan da, eta oraintsu Erein argitaletxearen babesean eman du argitara.
«Ez dakit nomada bihurtu naizen ala betidanik izan dudan bizimodu, sen edo bizimodu hau», dio Nikolay Zaitsev protagonistak eleberriko lehen orrian.
Eleberria nondik nora joango den-edo azaltzen du. Behintzat, bera ez dela leku berean ibili beti, herrialde ezberdinetatik igaro dela... Protagonistak bere bizitzarekiko duen ikuspuntua dela esango nuke. Sarrera moduko bat da, bizitzaren aurrean zer pentsatzen duen edo zer jarrera daukan azaltzen duena. Hasierako atal hori gerora idatzi nuen, eleberria bukatu samar neukala, eta laburpen moduko bat da.
Intriga, espioitza, nobela beltza eta historikoa uztartuta. Aurreko zure lanetatik aldentzen da?
31 baioneta eleberria, nire aurreko lana, nobela historikoa da, eta hau nola idatzi pentsatzen hasi nintzenean, ez nuen nobela historikoa bere horretan idatzi nahi. Azaltzen diren datak, lekuak eta gertakizunak benetakoak diren arren, ez nuen hori guztia aipatutako generoarekin lotu nahi. Niri nobela beltza betidanik gustatu izan zait, eta, orduan, saiatu naiz halako zerbait egiten, intrigan katigatutako lan bat.
Hala ere, garai historiko ezberdinak jasotzen dituzu, eta agerikoa da dokumentazio lan handia dagoela atzean.
Protagonistak 74 urte ditu, eta istorioa 2000. urtean dago kokatua. Liburua irakurtzen joan ahala, bere bizitza deskubritzen doa irakurlea, eta, gainera, hasieraraino iristen da, haurtzaroraino. Bere etapa ezberdinak jasotzen dira liburuan... Jasotzen diren gertakizunak eta tokiak errealak badira ere, eleberriko protagonistak ez dira errealak. Nikolay Zaitsev gerrako haur bat da, eta haur haiek bizitako gauza batzuk islatu ditut liburuan, baina pertsonaiaren inguruko istorio guztia asmatua da.
Euskal Herria, Sobietar Batasuna eta Vietnam. Itxura batean erlaziorik ez duten hiru herrialde, baina Zaitsev honek lotzen ditu bere istorioarekin.
Duela 11 urte Vietnamen izan nintzen oporretan, eta ikaragarri gustatu zitzaidan herrialdea. Erabat gozatu nuen bidaia izan zen, eta liluratuta itzuli nintzen handik. Bueltakoan, pentsatu nuen ongi egongo litzatekeela Vietnamekin zerikusi zuen eleberri bat egitea. Baina zaila egiten zitzaidan han gertatzen zen zerbaiti buruz idaztea, bizpahiru tokitan baino ez nintzelako izan han. Beraz, nik ongi ezagutzen nuen zerbaitekin lotu nezakeela otu zitzaidan. Vietnamen izan genituen gida turistikoak gaztelaniaz hitz egiten ziguten, baina Kubako azentuarekin. Deigarria egin zitzaidan, baina berehala jabetu nintzen herrialde komunistak zirela eta elkarren arteko erlazioa hori zela. Komunismoaren eskutik, Errusia barneratu nuen istorioan, eta gerrako euskal haurrek aukera eman zidaten hiru herrialdeak lotzeko.
Badira hainbat xehetasun liburuaren ia erdialdera arte jakiten ez direnak. Apurka-apurka zoaz kontakizuna osatzen.
Ez dut hasieratik guztia kontatu nahi izan, eta pertsonaiak berak ere esaten du liburuaren hasieran ia inork ez dakiela bera nor den. Pertsonaia bera ere saiatu da iragan hori ezkutuan mantentzen, eta oso-oso jende gutxik daki bere bizitzaz. Ni ere saiatu naiz datu horiek pixkanaka-pixkanaka ematen nobelan, gehienbat intriga mantetzearren.
Bizitza fatalista samarra duela dirudi, gudaz guda baitabil.
Bai, baina nik pentsatzen dut Euskal Herritik Sobietar Batasunera joan ziren haur guztiei gertatuko zitzaiela hori. 36ko gerratik ihes eraman zituzten hara, bizitza berri bat izan zezaten, eta II. Mundu Gerra hasten denean, naziek gerra deklaratzen diote Stalini. Nahiko paradoxikoa da, baina gerra batetik alde egin zuten, eta beste batekin topatu ziren sei urtera. Badirudi beraien patua izan zela. Eleberriko protagonistaren kasuan, gainera, Vietnamera iristen da, eta bertan ere gerran ari dira.
Badirudi bi kontakizun daudela liburu baten barruan: batetik, enbaxadorearen heriotzaren ikerketari dagokiona, eta bestea, Nikolay Zaitseven biografia edo bizitza litzatekeena.
Egia esan, kontakizun batek bestea ekarri zuen. Nik hasieratik argi neukan enbaxadore berriak ikerketa bat abian jarriko zuela aurretik izan zen enbaxadorearen heriotza argitzeko. Jakina, bere iragana aztertzen hasten denean, protagonistaren iragana ere sortu egin behar da. Leningradon kokatu nuen, eta horrek ere pisua hartu zuen. Eleberria idazterakoan bi istorio horiek lotzea egin zait zailena. Biek antzerako indarra edo pisua izan zezaten bilatu dut, baina idazte prozesuan Leningradoko zatiak besteak baino pisu gehiago hartu zuen une batean. Orduan, oreka lortzea eta biak elkartzea izan da lanik nekezena. Hori da gehien kostatu zaidana.
Zeharka bada ere, arteari buruzko aipamen berezia egin duzu liburuan.
Bai, Leningradoko Hermitageak badu bere pisua eleberrian, eta horrekin batera, Josef izeneko pertsonaiak ere bai. Dokumentatzen eta Leningradoko setioari buruz irakurtzen ari nintzenean, konturatu nintzen Hermitageak sekulako garrantzia izan zuela bertako biztanleentzat. Alde batetik, bertan zeuden artelanak babesten saiatu ziren, eta naziek setiatu aurretik Leningradotik ateratzen. Bestetik, beraientzat ihesbide bihurtu zen museoa. Ideia hori asko gustatu zitzaidan, eta liburuan barneratzea erabaki nuen.
Beste ihesbide bat txotxongiloak dira, ezta?
Hala da. Nikolayk ihesbide hori Uretako Txotxongiloen Antzokian topatzen du Hanoin (Vietnam). Hara egindako bidaian txotxongilo haiek ikusteko gomendatu ziguten, eta ikustera joan ginen. Oso ezberdinak dira, eta gustatu egin zitzaizkidan.