Urola Kostako LABek Gabonetan preso eta iheslari politikoen aldeko ekimenetan parte hartzeko deia egin du

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 15a

Preso eta iheslari politiko guztiak etxean izan arte lanean jarraitzeko "konpromisoa berretsi" dute.

Urola Kostako LABeko delegatuak elkartu dira euskal preso eta iheslari politikoen aldeko aldarria egiteko. LABek “behin eta berriz” egoerak “konponbidea” behar duela esan du eta horretan lanean jarraitzen dute, “preso eta iheslari politikoak etxera ekarri behar ditugu” kanpainarekin.

Hala ere, LABez haratago presoen alde lanean ari diren beste eragileei babesa adierazi nahi diete, eta beraien ekimenetan parte hartzeko deialdia egin dute. “Zorionez presoen eta iheslarien gaiari bultzada emateko hainbat ekimen daude martxan, eta Urola Kostako LABeko kideok horietan parte hartuko dugu. Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko borrokarekin bat egiten dugu, eta, horregatik, ondorengo deialdietan parte hartuko dugu eta gainontzeko langileei ere parte hartzeko deia egiten diegu”.

LABeko kideek honako ekitaldi hautean parte hartuko dute:

  • SAREk deituriko Urtarrilak 14ko manifestazioan.
  • Kalera Kalera dinamikak deitzen dituen mobilizazioetan, nazionaletan zein eskualdekoetan.
  • Etxeratek deitutako ekimenetan.
  • Ireki dinamikak bildu nahi dituen sinadurak lortzen ariko dira LABeko kideak lantegiz lantegi.

Preso eta iheslari politiko guztiak etxean izan arte lanean jarraitzeko “konpromisoa berretsi” du LABek.  Horregatik, ekimen horietan guztietan parte hartzeaz gain, “preso eta iheslari politikoak etxera ekarri behar ditugu” kanpainarekin jarraituko dute, “egoera konpondu bitartean”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide