Denak dantzan jartzera

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko abenduaren 15a

‘Donostia Dantzan’ jarriko du igandean TikTara taldeak, euren musika eta estilo askotariko dantzak uztartuz. Hiriburuko kaleak hartu eta «festa handi bat» antolatuko dute.

Zarauzko TikTara taldeak proiektu berria du esku artean: Donostia dantzan. Donostia 2016 Kultura Hiriburutzaren barruko azken hitzordu «potoloetako bat» izango da eta horren helburua, hain zuzen, hiriburua dantzan jartzea da. «Guk beti aldarrikatu izan dugu dantza; TikTara beti egon da dantzarekin lotuta», diote Harkaitz Bastarrikak eta Ander Zulaikak, taldeko abeslariak eta  bateria-joleak.

Horregatik, igandean ere  dantza mundua euren musikarekin batu eta kalera aterako dira. Baina ez nolanahi. Taldea oholtza mugikor baten gainean jarrita, abestiak jotzen joango da Kursaal jauregitik hasi eta Loiola kalera bitartean. Hainbat geldialdi egingo dituzte bidean, eta bakoitzean abesti bana joko dute.
Erronka honakoa da: bertaratzen direnek, dantzariek nahiz herritarrek geldialdi bakoitzean koreografia jakin bat egin beharko dute TikTararen musikaren erritmora: Kursaalean dantza klasikoa egingo dute Jaiotza abestiarekin; Bretxa parean saltsa Korapiloak kantarekin; Gipuzkoa plazan Hariaren mataza abestiarekin orientala eta Askatasunaren hiribidean, berriz, funky-a dantzatuko dute, Zoriontsu eta askea kantaren erritmora.

«Estiloak fusionatzen ditugun talde bat izanik, dantzarekin harreman honetan ere estilo ezberdinak uztartzen jarraitzea izan da asmoa», azaldu du Zulaikak.  Azalpenean dioten bezala, «emaitza harrigarria da, estilo guztiak hurbildu eta elkar ulertzen dute». Hori guztia zuzentzeko, dantzari bat igoko oholtzara gidari lanak egitera.

Loiola kalean, San Martin merkataritza gunearen kanpoaldean, berriz, amaierako geldialdia izanik, parte-hartzaile bakoitzak nahi duen estiloan dantzatu ahalko du. Hasteko Oreka joko dute bertan, eta gero gerokoak. «Aprobetxatuz han gaudela, beste abesti batzuk ere eskainiko ditugu», diote.   

Abesti berriak, bidean

Geltoki batetik besterako bidean kalea alaituz joango dira TikTarako taldekideak zein dantzariak. «Kantak prestatzen ari gara trantsizioetarako. Harkaitzek [Bastarrikak] abestiak sortzeko makina berriz ere martxan jarri du», nabarmendu du taldeko bateria-joleak.

Bastarrikak jakinarazi duenez, abesti afro-kubanatarrak ari da prestatzen. «Kuban inauterietan kalean jotzen dituzten melodien antzekoak ari naiz sortzen. Sustraietara jo dut, lurrarekin lotura horretara».
«Festa handi bat»

Taldearen sare sozialetan nahiz webgunean daude ikusgai geldialdi bakoitzerako askotariko dantza akademiek prestatu dituzten koreografiak . Horiek ikasi eta hilaren 18an Donostiara dantzara joateko deia egin diete herritarrei nahiz dantza akademietako kideei. «Helburua da festa handi bat izatea, jende ugarik parte hartuko duen jaialdi bat», diote.

11:30ean hasiko da, eta ekitaldiak ordu eta erdi-bi ordu inguru iraungo duela aurreikusi dute. Bertaratzen ez direnek ere izango dute aukera festa hori ikusteko. Izan ere, ekitaldia guztia grabatzeko asmoa dute.
«Lan handia» eman dien arren, «gustura» agertu dira Zulaika eta Bastarrika; izan ere, ekitaldi hori TikTararentzat erakusleiho bikaina da. Energia olatuek sustatu dute Donostia Dantzan, Donostia Festak-ek zein Donostia Kulturak lagunduta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide