EH Bilduk akordioa lortu du EAJrekin 2017ko udal elkarteko aurrekontuen gainean

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko abenduaren 14a

Urola Kostako EH Bilduko kideak prentsa agerraldian (Aiora Larrañaga).

Bihar Urola Kostako Udal Elkarteko 2017ko aurrekontua bozkatuko dute udal elkarte batzarrean, eta Urola Kostako EH Bilduk jakinarazi du “adostasuna” lortu duela EAJrekin, eta baiezko botoa emango diola 2017ko aurrekontuari.

Negozioazioan lau oinarri proposatu dizkio EH Bilduk EAJri: eskualde mailako gizarte zerbitzuak kudeatzeko baliabide pertsonalak eta ekonomikoak aurrekontuetan jasotzea, enplegu duina sustatzen duten enplegu politikak sustatzea udal elkartetik, udal elkartearen eta UEMAren artean lankidetza hitzarmena bultzatzea, eta hondakinen gaikako bilketa sustatzeko akordioetara iristea.

Eskualdeko gizarte zerbitzuak

185/2015 dekretuaren arabera, gizarte zerbitzuen arloko hainbat zerbitzu eskualde mailan kudeatu behar dira. EH Bildurentzat arlo garrantzitsua da hori, eta lanketa ahal den azkarren abiatzea proposatu diote EAJri: adinekoen eguneko arreta zerbitzua, bazterkeria egoeran dauden pertsonei eguneko eta gaueko arreta zerbitzua, indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeentzat harrera-etxea eta adinekoentzat osatu zerbitzua martxan jartzea besteak beste. Horiek eskualde mailan garatzeko, zerbitzua sortu, koordinatu eta bultzatuko duten teknikaria kontratatzea proposatu du EH Bilduk, baita aurrekontuan horiek garatzeko partida jasotzea ere.

Enplegu duina sustatzea

Udal elkartetik bultzatzen diren neurri eta diru-laguntzetan, mugagabe izaera duten lan kontratazioak babesteko eskatu du EH Bilduk, langileen enplegu duina sustatzeko.

Euskara

Urola Kostako Udal Elkartearen eta UEMAren arteko hitzarmena bultzatzeko proposatu du EH Bilduk, euskararen arloa sustatzeko. Neurri hau iaz ere proposatu zuen EH Bilduk, baina EAJk eta EH Bilduk ez zuten akordioa lortu.

Hondakinen gaikako bilketa

EH Bildutik jakinarazi dutenez, hondakinen gaikako bilketa sistemaren inguruan akordioa lortzea “ezinbestekoa” zen 2017ko aurrekontuan babesteko. Koalizioak “garrantzi handia” eman dio akordioari, “hondakinen arazoaren konponbidearen lehen urratsa sorreran eta bilketan eman behar” dela uste dutelako. Ildo horretan, Urola Kostako EH Bildutik balion jarri nahi izan dute, aurreko legealdian martxan jarri ziren hondakinen mahaietan parte hartu zuten herritarren, eragileen, teknikarien eta ordezkarien lana.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide