Alde batetik, ez da artisau eta baserritarren posturik izango aurtengo San Tomas eguneko azokan, baina talo postua eta barra jarriko dituzte. Bestetik, euskararen eta euskal kulturaren inguruan bildu nahi ditu herritarrak AEK-k, eta horretarako Mintzodromoa antolatu dute. Bertan, euskara-ikasleek hizkuntza praktikatzeko aukera izango dute 11:00etatik 12:30era bitartean.
Mintzodromoa
Mintzodromoan bost laguneko taldeak osatuko dira, batzuk ikasleak eta beste batzuk euskaraz ondo egiten dutenak. Talde horietan hiru gai planteatuko dituzte antolatzaileek hitz egiteko, eta gai bakoitzaren inguruan hogei bat minutuz arituko dira berriketan parte-hartzaileak.
Mintzodromoarekin Mintzalagun programa ezagutzera eman nahi du AEK-k herritarren artean. Eta bestetik, euskara ikasleei giro atseginean euskara praktikatzeko aukera eman nahi die. Egitasmoa irekia izango da, eta Mintzodromoan parte hartu nahi dutenek, bihar izango dute izena emateko azken eguna: horretarako, 625-48 52 15 telefono zenbakira deitu edo urolakosta@aek.eus helbidera idatzi daiteke.
AEK-k eskualdeko mintzalagun-taldeetan urtean zehar biltzen ari diren lagunak gonbidatu ditu ekitaldira.