'En transito' dokumentala emango dute asteazkenean

Zarauzko Hitza 2016ko abenduaren 12a

19:30ea eskainiko dute, Modelon. Sarrera doan izango da.

"Egun munduko biztanleen %4a etorkina dela uste da. Ehuneko hori herrialdez aldatzen dutenei dagokiena da, herrialde barruko migratzaileak kontuan izan gabe", jakinarazi du Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak. "Migratzaile horiek dira bertakoak egin nahi ez dituzten zereginetara etortzen direnak, tartean, geroz eta zaharragoa den gure gizartean zaintza lanak egitera". Zorrozuaren arabera, atzerritik heldutako Zarauzko bizilagun berri guztiak ez dira zaintza lanetan jarduten, baina "Zarautzen lanbide horretan aritzen direnak dezente" dira. "Krisi ekonomiko honen urterik gordinenetan immigrazioa gutxitu bazen ere, ez da erabat eten. Zainketa lanetan aritzeko etortzen jarraitu dutelako, bereziki, Nikaragua eta Hondurasetik iritsitako emakumeek gure gizartean dugun gabezia handi hori estaltzera".

Igandea, abenduaren 18a Etorkinaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Zarauzko bizilagun horiei omenaldi txikia egitea erabaki du Zarauzko Udaleko Immigrazio sailak. Haien errealitate soziala ezagutzeko, En transito dokumentala eskainiko dute asteazkenean. Besteak beste, Zarauzko Udalak ekoitzi du eta Oskar Tejedorrek zuzendu eta Bidez bide GKEak sustatu. Bertan Nikaraguako Ocotal eta Managua inguruan bizi diren haur eta nerabeak ageri dira, eta baita sorterriko zaintzaileak zein Euskal Herrian bizi diren amak ere. "Haur eta nerabe horiek bizi duten egoera jaso da, amarekin duten urruneko harremana eta haien zaintzaileekin izaten dutena. Horiek, oro har, gertuko emakumeak izaten dira: amonak, izebak, arreba edo ahizpa nagusia, besteak beste". Pasa den hilabetean Donostian estreinatu zuten, eta etzi udalerrian emango dute lehenbiziko aldiz. Modelon izango da, 19:30ean. Sarrera doan izango da.

Bestalde, bihar atzerritartasun legearen inguruko hitzaldia izango da udalak antolatuta, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Hitzordu horretan SOS Arrazakeriak-eko abokatuek lege horren inguruko nondik norakoak azalduko dituzte eta bertaratzen direnen galderak erantzun. Halaber, espainiar herritartasuna lortzeko egin beharreko izapideak ere azalduko dituzte. Hitzaldia Gaztelekuan izango da, 18:00etan.

 

Euskara-harrera ikastaroa

Bestalde, euskara-harrera ikastaro berria antolatu dute. "Ez da euskara ikastaro arrunt bat; ikastaro egokitu bat da kanpotik etortzen direnak gure gizartera moldatzen laguntzeko, hain zuzen", argitu du Julen Aranguren Immigrazio teknikariak. Besteak beste, udalerriko baliabide eta zerbitzuen inguruko informazioa eskainiko dute: errolda, gizarte zerbitzuak, osasun sistema, lana aurkitzeko baliabideak eta atzerritartasunari buruz, besteak beste. Horrekin batera, euskara oinarrizko ezaguerak jasoko dituzte parte-hartzaileak.

Bi ikastaro antolatu dituzte, lehenbizikoa urtarriletik martxora bitarterako. Hiru hilabete iraungo ditu ikastaroak, eta hiru egunetan izango dira saioak: astelehen, astearte eta ostegunetan, 18:30-20:30 bitartean.

Interesa dutenek abenduaren 20ra arteko epea dute izena emateko. Horretarako HAZera jo beharko da. 10 euro ordaindu beharko dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide