Tratu onekin dantzan lelopean, tratu onak sustatzea izan du helburu. Udalak eskerrak eman dizkie ekimenean parte hartu duten ikastetxeei zein Berritzeguneari. Hona hemen helarazi duten idatzia:
Azaroaren 25ak, Emakumeenganako Indarkeriaren Nazioarteko Egunak gure artean izandako oihartzunagatik, zoriondu baino ez Zarauzko, Getariako, Zumaiako eta Orioko ikastetxe, udal, hezkuntza komunitate eta parte hartu duzuen denak egindako lanagatik, geletan neska-mutil guztiekin egindako hausnarketagatik eta guztion artean ematen jakin izan dugun batasunagatik.
Azaroak 25a dela-eta, irudi bateragarria eman dugu eta asko izan gara era bateratuan herri hezkidetzailearen alde aritu garenok. Hor izan gara lau udalerri, ikastetxe guztiak, milaka ikasle-irakasle, familia eta herritarrok. Denok bat eginik, era berean, gaiari heldu izan diogu eta gure ikastetxe eta herriak hezkidetzaileagoak izan daitezen urrats berriak eman ditugu. Bide horretan izan nahi dugula berretsi nahi dugu eta nahi dizuegu.
Emandako batasun-pausoa eta itxura benetan txapela kentzeko modukoa izan da, ikasgai bikaina guztientzat. Udaletik jakizue neska-mutil, heldu, ikastetxe eta mankomunitateko udal bakoitzaz eta guztiez harro garela. Horregatik lau haizetara zabaldu nahi dugu. Eta harrotasunarekin batera, gure esker beroenak eman eta publikoki adierazi nahi dizkizuegu. Bide onetik goaz, mundu hezkidetzailerako bide onean gara eta helburua erdiesteko, aurrera egiteko gonbitea eta konpromisoa berresten dizuegu.
Zer gehiago esan! Ez etsi, jarraitu dezagun elkarrekin, badugu eta zer egin! Zorionak berriro guztioi eta eragile zuzenak izan zaretenoi, bi aldiz.