Ramon Serrasek (Zarautz, 1943) urteak eta urteak daramatza argazki kameraren atzean, askotariko argazkiak ateratzen. Horri esker, hainbat titulu eta sari eskuratu ditu, eta baita erakusketa ugari antolatu ere. Bera da Zarauzko Argazkizale Elkartearen zein Zarauzko Photomuseumearen sortzaileetako bat.
Argazkilaritzari egindako ekarpena dela-eta, jarri diote argazki lehiaketari haren izena.
Euskaldunak, Zarauzko Argazkizale Elkarteak eta Turismo Bulegoak argazki lehiaketa antolatu du zure omenez. Ohorea izango da zuretzat, ezta?
Nire bizitza, lanaz aparte, argazki mundua izan da. Horregatik, pozgarria da jendeak hori aitortzea. Niri ilusio handia egin zidan nire omenez argazki lehiaketa antolatzeak. Felixek [Borda] esan zidanean, hasieran ezetz esan nion. Niri halako omenaldiak, egia esan... Hil ondoren, tira. Orain egin beharra zegoela erantzun zidan, eta, azkenean, horrela izan da.
Harekin duzun harremanak bultzatu zintuen, agian. Izan ere, Euskalduna tabernarekin lotura estua duzu.
Bai, hilero-hilero antolatzen ditut erakusketak taberna horretan. Gutxi gorabehera 150 erakusketa izango dira guztira. Tonto-tonto hasi nintzen, pentsatuz argazkilaritzan hasi berriak ziren zarauztarrentzat interesgarria izan zitekeela areto bat izatea euren argazkiak erakusteko. Zarauzko Argazkilari Elkarteko kideei proposatzen diet erakusketetan parte hartzeko, pentsatzen dudalako haiei ere ilusioa egingo diela, niri egiten zidan bezala.
Txikitatik datorkizu argazkilaritzarako grina. Noiz hasi zinen?
Nire aitak argazkiak ateratzen zituen; garai hartan 3-4 bat ziren argazkizaleak Zarautzen. Benancio Amezti apaizak erakutsi zion argazkiak errebelatzen, eta berak etxean egiten zituen errebelatuak. Familiaren argazkiak ateratzen zituen, gehienbat.
1978an hasi nintzen ni; 7-8 urte nituenerako nik ere egiten nituen argazkiak, aitaren gidaritzapean. Nire familian bazegoen argazkigintzarako halako grina bat. Amonak berak ere askotan bidaltzen ninduen Gar-era, argazkiak erostera.
Nola gogoratzen dituzu zure lehenbiziko urteak argazkilari gisa?
Ni hasi nintzenean Zarautzen dozena erdi zaletu-edo izango ziren. Ni asko joaten nintzen Donostiara, bertako argazkizale elkartera, eta pentsatu nuen interesgarria litzatekeela Zarautzen ere halako elkarte bat sortzea. Trantsizio garaia zen, 1979. urte ingurua, eta bazirudien udalak hainbat gauza nahi zituela bultzatu.
Une hartan Inaxio Lertxundi zen Zarauzko Kulturako zinegotzia, eta lokal bat eman zigun Sanz Enean. Han jarri genuen lehenbiziko Zarauzko argazkizale elkartearen egoitza. Gerora, egungo kultur etxean obra egin behar zutela-eta, garai bateko Alfa enpresara lekualdatu genuen.
Urte pila bat daramatza egoitzak egungo lekuan, Ebro Etxeko bigarren solairuan. Interesgarria da herriarentzat, eta bereziki, garai hartan, 80ko hamarkadan. Izan ere, jende gutxik zuen laborategia etxean orduan; orain, agian, ohikoagoa da. Arte Ederrak ikasten ari zen jende asko ere bertara joaten zen asteburuetan, laborategian lantzeko. Horregatik, uste dut herritarrei zerbitzua eskaini diela argazkizale elkarteak.
Garai hartan hasi zineten argazki erakusketak antolatzen, ezta?
Bai. Ordura arte, udan soilik antolatzen zituzten Zarautzen, hiruzpalau; orduko Artezaleak arduratzen zen horretaz. Urte osorako eskaintza izateko, gu neguan ere hasi ginen erakusketa pila bat egiten. Uda heltzen zenean ere, lortu genuen erakusketa bat antolatzea behinik behin, Artezaleakek atontzen zituenaz gainera.
Argazkizale elkarteko presidentea ere izan zinen.
Bai, hamabost bat urtez izan nintzen ni presidente. Nire emaztea ere izan zen kargu horretan gerora. Garai hartan etorri zitzaigun bildumazaletasunarekiko interesa. Zarautzi lotutako gauzak biltzen hasi ginen. Postal pila bat lortu genituen, eta horrekin, gerora, Zarauzko argazki zaharren liburua argitaratu genuen. Etxean izango ditut 500-600 argazki original-edo.
Liburua kaleratu ondoren, txiki geratu zitzaidan, eta argazkilaritzako bestelako materiala biltzen ere hasi nintzen, anbrotipoak eta dragotipoak, esaterako. Bilduma polita osatu nuen.
Eta zati bat Photomuseumen duzu ikusgai. Leopoldo Zugazarekin batera zabaldu zenuen Zarauzko zinema eta argazki museoa.
Bai, haren bilduma eta nirea batu, eta horrela izan genuen museo bat sortzeko ideia, duela 24 urte inguru. 15-16 erakusketa egin genituen Zarautzen: Torre Luzean, Antonianoko kiroldegian, Sanz Enean, Kayuan... Gerora, Sanz Enean bertan aurkeztu genuen museoaren proiektua. Zinegotzia bera ere etorri zen aurkezpenera eta zera esan genion: zuek karpa emanez gero, guk museoa antolatuta dugu dagoeneko.
Hasieran, Villa Manuelako bi solairu eman zizkiguten, eta gerora hazten joan zen. Espainia mailan, museo bakarra da. Egun ondo dago, baina kultura ez da dirua egiteko. Lau langileren soldatak ordaindu behar dira; nik eta Leopoldok [Zugazak] ez dugu ezer kobratzen. Baina aurrera goaz hainbat laguntzari esker. Gu gustura urtearen amaierara irrifarre batekin heltzen baldin bagara.
Photomuseumekoez eta argazizale elkartekoez gain, ehunka erakusketa antolatu dituzu zure lanekin. Nola hasi zinen?
Lehenbiziko aldiz, Zarautzen antolatu nuen nire argazkiekin erakusketa bat duela hamarkada batzuk, argazkizale elkarteko egoitzan. Donostiako argazkizale elkartekoak etorri ziren, eta haiek hiriburuan erakusketa antolatzera gonbidatu ninduten.
Hortik aurrera, Galizian, Ourensen zein Lugoko museoetan jarri nituen ikusgai nire lanak, baita Donostiako San Telmo eta Bilboko Arte Ederren Museoan ere.
Bestalde, BBK-k proposatu zidan beste liburu batean parte- hartzea. Zabalbideak. Bizkaiari begirakin elkarlanean aritzea.
Zer-nolako esperientzia izan zen?
Lan bereziak egiteko aukera izan nuen, panoramikoak. Gainera, eremu hori ezagutzeko baliatu nuen. Emaztea bertakoa dut, eta beraz, aurrez ere ezagutzen nuen, baina ez modu horretan. Bizkaitar askok ezagutzen ez duen zabaltasun hori islatzeko aukera izan nuen. Gustura jardun nuen.
Dena den, Zarautz beti izan duzu presente. Bi liburu dituzu argitaratuta udalerriko kontuekin.
Bai, lanak nire kontura atera nituen. Lehenbizikoa, orduko Kutxaren babesarekin, Juan Luis Mendizabal Mendi medio. Laguna nuen, eta hark eman zion bultzada proiektuari. 150. 000 peseta eman zizkiguten Zarauzko argazkiak (1866-1936) liburua osatzeko, eta gerora, diru hori elkartearentzat estudio bat erosteko baliatu genuen. Herriarentzat, hori ere. Egun ere edonork joan dezake bertara argazkiak lantzera. Ondorengo biak udalaren babesarekin kaleratu ziren.
Arte eta kultura arloko Zarauzko edo Zarautzekin harremana izan zuten pertsonaien irudiekin ere erakusketa bat osatu nuen. Photomuseumen izan zen ikusgai 48 argazkirekin osatutako erakusketa.
Noiz eman zenuen nazioarterako saltoa?
Nazioarteko argazki lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen. Nazioarteko Argazkilaritza Federazioak urtean txapelketa batzuk antolatzen zituela jakin nuen, eta haietan parte hartzea erabaki nuen. Hala, nazioartean guztira ehun bat sari eskuratu nituen.
Sariez gain, jaso dituzu argazkilaritzako hainbat titulu ere. Eta ez nolanahikoak, gainera.
Lehenbizi nazioarteko federazioko artista izendatu ninduten, eta handik bi urtera, argazkilaritzako bikaintasuneko titulua eman zidaten. Lan bat aurkeztuta, nazioarte mailako argazkilari adituarena lortu nuen gero. Nik jaso nuenean, Euskal Herrian bi ginen soilik. Sona handia ematen zuen titulu horrek.
Horren harira, maisuok nazioarteko zenbait erakusketetan parte hartzera gonbidatzen gintuzten. Hala, nire lanak ikusgai egon dira Errusian, Belgikan, Frantzian, Austrian, AEBetan... Azken hori nazioarteko erakusketa zen; 2.000-3.000 pertsonak hartzen zuen parte. Horri lotuta laupabost urtetan guztira hamar bat sari eskuratu nituen.
Hemen bertan ere, bi aldiz eskuratu nuen Gipuzkoako saria. Hori ez du inork lortu; behin irabazi bai, baina bitan, ez dut uste. Oso harro sentitzen naiz lorpen horien guztiengatik.