70 talde lehiatuko dira Taldekako Espainiako Kickboxing Txapelketan

Zarauzko Hitza 2016ko abenduaren 7a

Taldekako Espainaiko Kickboxing Txapelketaren aurkezpenean, Jaime Urdanpilleta eta Iban san Martin (Aritz Mutiozabal).

Larunbat honetan jokatuko dute, egun osoan, Aritzbatalde frontoian, eta doako sarrera izango du.

Iaz herrian egindako kickboxing jaialdiak arrakasta handia izan zuela ikusita, aurten Taldekako Espainiako Kickboxing Txapelketa antolatzea erabaki du Kuraia Figth Club elkarteak, Zarauzko Udalarekin lankidetzan, eta Espainiako Kickboxing Federazioaren eta Kirolen Goi Kontseiluaren babesarekin. Txapelketa larunbat honetan jokatuko da, Aritzbatalde frontoian, eta Espainiako Estatuko 70 taldek hartuko dute parte. Guztira, 300 parte hartzaile inguru espero dituzte.

Txapelketa K-1, Full Contact eta Low Kick modalitatetan jokatuko da. Hirurak senior eta junior mailan, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, pisuaren araberako mailetan banatuta. Amateur mailako txapelketa denez, borroka bakoitzean bi minututako hiru asalto egingo dituzte, baina hasierako kanporaketetan posible da bi minututako bi asalto jokatzea. Egun osoko jardunaldia egingo dute, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 21:00etara, eta sarrera doan izango da. 

Parte hartzaileen pisatze saioak, berriz, ostiralean egingo dituzte, 09:00etatik 22:00etara, eta larunbatean, 08:00etatik 10:00etara.

Maila handiko borrokak

Kuraia elkarteko kide Jaime Urdanpilleta zarauztarraren esanetan, "maila handia" espero dute. Hala ere, ez du fabotito argirik ikusten: "Oso lehiakorra izaten da, eta txapelketa hauek oso azkarrak direnez, edozeinek irabazi dezake". Zarauzko eta Donostiako Kuraia taldeen helburua txapelketa irabaztea dela nabarmedu du Urdanpilletak: "Txapelketa herrira ekarri da, borrokalari onak ditugu eta garaipena lortzeko aukerak badaude".

Bera ez da lehiatuko, Bilbon borroka bat duelako, baina Zarauzko Kuraia taldetik parte hartu dezaketenen artean, Iker Carvajal, Ainara Torvisco eta Ander Berdote aipatu ditu. Azken urteetan kickboxinga indarra hartu du Gipuzkoan, eta baita herrian ere. Gaur egun, 40 lagun inguru dira Zarauzko Kuraia elkartean kickboxinga lantzen dutenak.

Zarauzko Udaleko kirol zinegotzi Iban San Martinek dio pozgarria dela txapelketa herrian jokatzea: "Herria aktibo mantendu nahi dugu kirol arloan, eta horretarako horrelako ekitaldiak Zarautzera ekartzea onuragarria eta aberasgarria dela iruditzen zaigu". Txapelketarekin kickboxingeko modalitateak ezagutzera emateaz gain, "kirola egiteko kultura" sustatzea dutela helburu adierazi du zinegotziak. Bide batez, txapelketara gerturatzera animatu ditu herritarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide