Pauso bat aurrera goiko postuetarako

Zarauzko hitza 2016ko abenduaren 1a

Babyauto Zarautz taldeko jokalariak (Jon Ander Vildosola).

Babyauto Zarautzek 28-50 irabazi zuen asteburuan Bilbon, Universitario de Bilbao taldearen aurka.

Zarauzko taldeak lehen jokalditik erakutsi zuen nagusitasuna, aurkariaren 22ko marra erraz gaindituz eta ondoren entsegua eskuratuz. David Vega lasartearra izan zen markagailua ireki zuena. Kepa Ibarguren zarauztarrak ere erraz gainditu zuen bilbotarren entsegu marka minutu batuk beranduxeago, eta Xalbat Amilibiak ez zuen hutsik egin ondoren, transformazioaren garaian. 14. minuturako, 0-12koarekin jarri zen Babyauto Zarautz.

Partidaren lehen zatian baloiaren jabetza zarauztarrena izan zen argi eta garbi, nahiz eta bilbotarrak ez ziren atzean geratu eta kontraeraso asko egin zituzten. Matthew McDougall jokalari berriak ere entsegu biribila lortu zuen, eta ondoren etorri zen Phill Huxford entrenatzailean tantoa ere: 0-26 zarauztarren alde.

Bilbotarrak ez ziren kikildu eta entsegu bat ere eskuratu zute jarraian Hala ere, zarauztarren entrenatzailea gustura ez eta bi minutura entsegu berri bat erdietsi zuen. Eta nola ez, Xalbatek ez zuen hutsik egin. Atsedenaldira 7-33koarekin iritsi ziren.

Bizkaitarrek bigarren zatia indartsu hasi zuten, ez zeukaten amore emateko gogorik. Horrela lortu zituzten entsegu berri baten puntuak neurketa hasi eta 2 minutura. Zarauztarrak ez ziren atzean geratu eta Joseba Galarragak bere jokoa erakutsi zuen, baita Jon Larrañagak ere. Amaieran 28-50eko markagailua utzi zuen partidak. Pausobat gehiago zarauztarrentzat sailkapenaren goiko postuak harrapatzeko bidean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide