Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, jarduera fisikorik ez egitea da hilkortasunaren laugarren faktore- arriskua. Ikerketen arabera, berriz, Euskal Herriko biztanleriaren %31a da sedentarioa. Horregatik, ostiralerako antolatu duten ekitaldiak "osasuna eta kirola batu zein sendentarismo maila gutxiagotu eta jarduera fisikoa sustatzea du helburu", Osasuneko zinegotzi Miren Letamendiak azaldu duenez. "Izan ere, jarduera fisikoak zerikusi handia du gaixotasunen prebentzioan eta eragin oso positiboa, berriz, osasunean. Gainera, ekonomia, hezkuntza nahiz lan arloan islatzen da hori ere".
Hala, ostiraleko prestakuntza tailerrean ariketa fisikoa egitearen onurak eta jokabide sedentarioaren arriskuez ariko dira. "Profesionalak trebatzea da asmoa, jarduera fisikoa erabili dezaten hainbat patologien arrisku-faktoreak aldatu edo deuseztatzeko", dio Kirol zinegotzi Iban San Martinek. Horrekin batera, Zarautzen profesionalen sarea sortu nahi dutela gaineratu du, "jarduera fisikoa sustatzeko komunitate eragile gisa aritu daitezen".
"Zarautz herri aktiboa da eta ikusi besterik ez dago zenbat jende aritzen den jarduera fisiko batean edo bestean parte hartzen. Bide horretan jarraitu nahiko genuke eta horregatik tailer hau garrantzitsutzat jo dugu, aipatutako sare hori bultzatzeko", nabarmendu du San Martinek.
Eusko Jaurlaritzaren 2013-2020 Osasun Planaren barruan antolatu dute eta 40 bat lagunek hartuko dute parte jardunaldian.