Harri Handien Euskal Herriko Txapelketako finala Asteasun jokatuko da, abenduaren 18an, eta bertan lehiatuko da Jokin Eizmendi. Ostolazaren Eskolako kidea da zarauztarra, eta aipatu eskolako beste bi lagun izango ditu aurkari –Aimar Galarraga oriotarra eta Imanol Illarramendi Kortaberri aiarra–, Aimar Irigoien errezildarraz eta Jon Unanue Goenatxo azkoitiarraz gain.
Harri jasotzaileek lau harri erabiliko dituzte txapelketan, eta bakoitzarekin hiru minutuko lana egin beharko dute: 200-175 kiloko laukizuzena, 175-200 kiloko zilindroa, 150 kiloko kuboa eta 125 kiloko bola izango dira altxa beharko dituzten harriak.
Harri Handien Txapelketa lehia “gogorra” da harri-jasotzaileentzat, eta abenduaren 18ko finalari begira, harri handiekin prestatzen eta entrenatzen ari dira eskualdeko harri-jasotzaileak azken astetan.