Herriko merkataritza bultzatzeko

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 25a, 10:45

Jesus Arana Garapen ekonomikoko zinegotzia eta Itziar Aizpuru aktorea. (A. Ventas Aldabaldetreku)

Zarauzko Udalak kanpaina berria jarri du martxan herriko ekonomia garapena bultzatzeko.

Herrian erosketak egiteari buruz kontzientzia hartu eta herriko ekonomiaren garapena bultzatzeko helburuarekin, kanpaina bat jarri du martxan udalak lehenbiziko aldiz, Murkil herriko dendarien elkartearen laguntzarekin. Horretarako, lau pertsonaia ezagunekin harremanetan jarri eta herriko kaleetan zein merkatu plazan jarri dituzte. Itziar Aizpurua aktorea, Karlos Argiñano sukaldaria, Yuri Berchiche Errealeko jokalaria eta Ainhoa Murua triatleta.

Kartelak osatu dituzte bakoitzaren irudiarekin, eta lelo bat gehitu diote: Erosketak? Zarautzen buy!. "Hitz joko bat erabili nahi izan dugu: ingeleseko buy, itzulita 'erosi' esan nahi duena, 'bai' gisa ahoskatzen dela, gure baietza adierazteko", azaldu du Jesus Arana Garapen Ekonomikoko zinegotziak. "Ideia polita eta originala iruditu zaigu eta Zarautzen aldeko apustu sendo transmititzen du. Herri moderno eta bizia dugula ere adierazi nahiko genuke". Izan ere, haren hitzetan, denetarik eskaintzen dute herriko dendariek eta hori nahi dute erakutsi.

Kartelak hurrengo ostiralerako egongo dira jarrita Nafarroa kaleko hiru markesinetan, Aritzbatalde kiroldegiko harreran eta beste hainbat lekutan. Halaber, herribusean biniloak jarriko dituzte, eta sare sozialen bidez ere mezua zabalduko dute. Herriko dendariei ere banatuko dizkiete, euren eraskusleihoetan zintzilika ditzaten, eta baita herritarrei ere, euren etxeetako postontzietara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide