Garaipen bikoitza eskubaloian

Zarauzko Hitza 2016ko azaroaren 21a

Aiala eta Beti Onak taldeen arteko norgehiagoka (LuisEpelde)

Aialak 28-17 irabazi zuen Beti Onak-en aurka, eta Amenabarrek Tolosa hartu zuen mendean 20-22koarekin.

Aialak nagusitasun osoz irabazi zuen Aritzbatalde, Beti-Onak taldearen aurka. Hasieratik markagailuan aurretik jarri ziren, eta partidak aurrera egin ahala aldea areagotuz joan zen, nahiz eta lehen 20 minutuetan aurkariak bi puntu atzetik izan zituzten. Azkenean, 28-17 irabazi zuten Martin Larrañagak zuzendutako taldeak.

Sailkapen orokorrean bigarren postuan dago kokatuta Aiala, liderra den Usurbilekin eta hirugarren sailkatu Sporting La Riojarekin berdinduta; hau da, 18na punturekin hirurak. Asteburu honetan ez dute ligako partidarik izango; hurrena Kukullagaren aurka izango dute, abenduaren 3an, Etxebarrin.

Gizonezkoek, azken minutuetan

Amenabarrek ere garaipena lortu zuen asteburuan: 20-22 irabazi zion Tolosari, bisitari moduan. Partida borrokatua izan zuten Zarauzko Eskubaloiko gizonezkoek, batez ere bigarren zatian. Norgeiagokaren hasieran aurrea hartu zuten, eta 20. minutuan 5 goletako abantaila lortu zuen (4-9). Aldeak, ordea, berehala murriztu ziren eta berdinduta joan ziren partidaren amaierara arte. Azken bost minutuetan, Zarauzko taldeak bi goleko errentarekin gailentzea lortu zuen.

Sailkapeneko bederatzigarren postuan dago Amenabar, 9 punturekin; zortzigarrena eta hamargarrenarekin, Handbol Bordils eta Alarcos Ciudal Realekin, berdinduta. Larunbat honetan etxean izango du norgehiagoka, 19:30ean, Torrelavegaren aurka; aurkaria 13. postuan dago, eta zazpi puntu ditu une honetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide