'Azaroaren 25a, hitzetatik ekintzetara'

Zarauzko Hitza 2016ko azaroaren 18a

Zarauzko EH Bildu udal taldeko zinegotzi Naiara Carvajal Larrañagaren gutuna, El Diario Vascon argitaratu den Gloria Vázquezen idatziari erantzunez.

"Azaroaren 25ean ozenki aldarrikatu behar dugu emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela, eta, hori ez ezik, indarkeria sorrarazten duten eragile guztien aurka ere bagaudela. Bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako.

Ostiralean, El Diario Vascon Gloria Vazquez zinegotziak esan bezala, Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamenduak antolatuta, azaroaren 23an indarkeria matxistari buruzko lehenengo jardunaldiak izango dira Zarautzen. EH BILDUk azpimarratu nahi du eta garbi utzi nahi du, gaur egun emakumeok jasaten dugun egoera ikusita, horrelako jardunaldiak egitea behar beharrezkoa dela. Eta halaxe adierazi genuen Udalean erregistratutako idatzian, eta baita ere zinegotzi eta teknikari arduradunen artean izandako bileran. Aitzitik, berauek sustatzen eta indartzen ahaleginduko gara, herriko emakumeen parte hartzea bultzatuz eta herriko emakume guztiei irekita. Hori bai, ezinbestekoa iruditzen zaigu, herriko talde feministekin eta Emakumearen Kontseiluarekin elkarlanean antolatzea gisa horretako jardunaldiak, eta oraingo honetan ere, ez da bete hori Udal Gobernuaren aldetik.

Horren harira, Zarauzko Emakume Kontseiluko hainbat partaidek agerraldia egin zuten ostegun arratsaldean, organo horren egoeraren berri emateko. “Aldebakarreko erabaki” baten ondorioz, egun Zarautzen Parekidetasun Kontseilurik ez dagoela jakinarazi du Parekidetasun zinegotziak, “urte askoan ondo funtzionatu duen udal organu batek bat-batean eta inongo arrazoi garbirik gabe utzi egiten” dela. EH BILDU oso kezkatuta dago eta egoera oso larria dela uste du. Ez da posible herritarren partaidetza bultzatzen dela irudikatu nahi izatea, ondoren herritarrei ahotsa kenduaz. Gure babes osoa helarazi nahi diegu Zarauzko Emakume Kontseiluko kideei eta gure eskua luzatu elkarlanerako.

EH BILDUrentzat lehentasunezko gaia da indarkeria matxistaren aurkako borroka, eta egunero egiten dugun lanean erakusten dugu. Horren adibidea da, azaroaren 22an 19:00etan Modelo Aretoan Zarauzko Bilgune Feministak antolatu duen “Bizikidetza eta Bakegintza” mahai inguruan parte hartuko duela EH BILDUk ere, zehazki, nik neuk, ikuspegi feminista txertatzeko besteak beste. Zergatik ez du parte hartuko Parekidetasun zinegotziak mahai inguru horretan, gonbidatua izan den arren?

Indarkeria matxista gainditzeko borrokatu beharko dugulako, maskulinitate tradizionak ezabatu eta desegin beharko ditugulako, adostasun berriak eraikiz, enpatiatik, sororitatetik, aukeratzeko askatasunetik, segurtasunetik arduratik, berdintasunetik eta elkarrekikotasunetik.

EH BILDUk bat egingo du talde feministek antolatutako deialdiekin eta orain arte egin duen modura, gure konpromisorik irmoena indarkeria matxista desagerrarazi arte".

Naiara Carvajal Larrañaga
Zarauzko EH Bildu udal taldeko zinegotzia

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide