Larunbatean, azaroaren 19an, Santa Zezilia eguneko kontzertua eskainiko dute Zarautz Abesbatza osatzen duten hiru taldeek: Txinpirin abesbatzak (7-9 urte), Zarautz-Txiki abesbatzak (10-16 urte) eta Zarautz Abesbatzak, hain zuzen ere. Frantziskotarren elizan izango da emanaldia, 20:30ean hasita.
Ekitaldian, abesbatzako bazkide guztien artean, apirilaren 28an Donostiako Kursaal auditorioan izango den Sinfoniko Koraleko kontzerturako bi sarrera zozkatuko dituzte. Parte hartzaileak, besteak beste, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartea izango dira, eta ondorengo piezak interpretatuko dituzte: Igor Stravinskyren Suzko txoria, Vicente Goikoetxearen Obra liturgikoak eta Francisco Escuderoren Gernika (eszenak). Sarrerak agortuta daude jada.
Bestalde, gogora ekarri dute Zarautz Abesbatzak atera berri duen Abesbatzaren 30 urteak liburua Sanz Enea kultur etxean edota Turismo bulegoan eskura daitekeela, 10 eurotan.