Parekidetasun kontseilua "arrazoi garbirik gabe" bertan behera utzi izana salatu dute

Zarauzko Hitza 2016ko azaroaren 17a

Parekidetasun kontseiluko hainbat kidek adierazi dute egungo zinegotziak "aldebakarrez" hartu duela erabaki hori". Horren aurrean, "haserre eta kezkatuta" daude.

Zarauzko Emakume Kontseiluko hainbat partaidek agerraldia egin dute gaur arratsaldean, organo horren egoeraren berri emateko. Adierazi dutenez, sortu zenetik, 2009tik, udalaren organo gisa parekidetasunaren aldeko lanean jardun dute, "agintaldiz agintaldi eta kolorez kolore", "bertako partaideen hitza, iritzia eta ekarpenak aintzat hartzeko" borondatearekin.

Azken agintaldi aldaketarekin, ordea, kontseiluaren "orain arte izan duen garrantzia eta tokia kolokan jarri dira". Salatu dute "lehen bileratik argi" utzi zaiela lan egiteko modua ez dela "ordura artekoa" bezalakoa izango. "Parekidetasun zinegotziak bere erabakitze ahalmenari oztoporik ez jartzeko eskatu zigun hasiera- hasieratik. Hori ez dugu inoiz zalantzan jarri, baina, benetan, gu momentu hartan, ez ginen ohartu hitz horien esanahiaz".

Hortik aurrera "laua eta zabala behar zuen bidea bihurritzen eta estutzen" hasi zen, kontseiluko kideen arabera: "Kontseiluari galdetu ere egin gabe Parekidetasun sailak antolatutako ekimenen berri jasotzera joaten ginen bileretara, eta kontseilua zereginez husten ari zela ikusten genuen. Proposamen itxurako erabakiak, alde bakarrez erabakitako ekimenak... Azkena, azaroaren 23ko jardunaldiak, gurekin inolako kontrasterik egin gabe antolatuak eta gaztelania hutsean gainera".

Hala, lanerako giroa "gaiztotzen" joan zela diote, zinegotzi arduradunaren mezu elektroniko bat jaso zuten arte: "Kontseiluaren jarduera eten egin zuela jakinarazi zigun, gogoeta egin eta hura indartzeko bidea topatu arte; gurekin kontatu gabe, aurrez aurre esan gabe. Berriz ere kontseiluko kideak isilarazita, bazter utzita sentitu ginen, zinegotzi arduradunaren erabakitze ahalmena gauza guztien gainetik, baita parte hartzearen gainetik ere. Hau da, herritarren partaidetza bultzatuz, itxuraz, baina herritarrik gabe". 

Lanean jarraitzeko borondatea

"Aldebakarreko erabaki" horren ondorioz, egun Zarautzen Parekidetasun Kontseilurik ez dagoela jakinarazi dute, "urte askoan ondo funtzionatu duen udal organu batek bat-batean eta inongo arrazoi garbirik gabe utzi egiten" dela. "Etenaldi hori, ordea, zinegotziak nahierara erabiltzen ari denaren sentsazioa ere badugu. Nola ulertu, bestela, egun batetik bestera bilera deialdi bat jaso izana hainbat gai tekniko jorratzeko? Erabili egiten gaituela dirudi. Hau ere praktika zaharra da", salatu dute.

Horren aurrean, kontseiluko kideak "kezkatuta eta haserre" daude, haiek "erabaki gabe" eta haientzat "ezezagunak diren arrazoiengatik bertan behar utzi delako kontseiluaren dinamika". Hala ere, "lanerako gogoz" jarraitzen dute, hori baita euren "zeregina": "Egin eta eragitea, parte hartzearen bidez udalak gure iritzia aintzat har dezan lan egitea".

"Gure borondatea argia da: egoera hau gainditu nahi dugu, lanean jarraitu nahi dugulako parekidetasunaren aldeko dinamikan. Gure proposamenak eta ideiak lekua izango duten eta parte hartzea oinarri izango duen kontseilu batean lanean jarraitu nahi dugu,eta horretarako ahalegin osoa egiten ari gara eta jarraituko dugu", nabarmendu dute.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide