Urbietaren alarguna da Kontxi Aizarna (1958), eta Haizearen herrira diskoaren sustatzailea izan da, nahiz eta berak «ezer gutxi» egin duela dioen, apaltasun osoz.
Nola sortu zen Manoloren omenezko diskoa egitearen ideia?
Ostegunero taldetxo bat biltzen gara Aritzbatalde tabernan, eta Manolok abesti berriren bat egiten zuenean, Txapasekin [Iosu Txapartegi] partekatzen zuen. Materiala ikusita, Txapasek pailazoekin hitz egitea erabaki, eta hortik abiatu zen istorioa. Pailazoei ideia polita iruditu zitzaien aitona-amonak eta bilobak elkarrekin gauzak partekatzeko ideia.
Abestien aukeraketa bat egin zuten, kanta zaharrekin eta berri batzuekin, eta ni hor egon naiz, behar izan dutenean laguntzeko. Baina ezer gutxi egin dut nik... titulua gehiago izan da.
Manoloren abesti ugari dago grabatuta, jada diskoetan jasota. Lan honetan, ordea, badira orain arte argitaratu gabeak. Bete beharreko hutsune bat izango zen hori, ezta?
Bai, eta, hain zuzen ere, abesti berriak dira bilobek aitona-amonekin jolas egitekoak eta gauzak partekatzekoak. Pixka bat aitona-amonek egin dezaketen transmisio lan hori galdu ez dadin, gaur egun teknologia berriak horren purian dauden garai hauetan.
Hori izan al da Manoloren azken urtetako kezka? Horretara bideratuta al zeukan bere musikagintza pedagogikoa?
Bai, azken bi urteetan horretaz arduratu da asko, eta lan pila bat utzi du. Pasa den astean partitura pila bat txukuntzen aritu nintzen, esaterako. Bestalde, berak nahi zuen Euskal Herriaren historia eta gure aztarna kontatu, eta hori guztia musikatuz joan da. Egunen batean horiek ere ikusiko dute argia.
Momentuz, Haizearen herrira atera da. Pena izango zen hilabete batzuren faltan hark argitaratuta ez ikustea. Dena dela, prozesu guztiaren berri izango zuen, ezta?
Berak bazekien zertan ari ziren pailazoak, eta, egia esan, pena izan da berak ez duelako entzun diskoa. Baina ziur gustura geratuko zela emaitzarekin. Gainera, Xabier Zabala eta Andoni Egaña bere ikasleak aritu dira diskoan, eta asko maite zuten elkar. Dudarik gabe, gustura egongo zen.
Baina grabazio prozesuan bertan egoteko aukerarik izan al zuen?
Ez, ez zen bertan izan. Jada ez zegoen bere onenean, eta niretzako ere lana zen bera aulkian jaitsi, autoan sartzea eta ateratzea... Tamalez, ez zuen abestirik entzun. Hain justu ere, bera hil eta handik egun batzuetara entzun nuen diskoaren masterra. Hunkitu egin nintzen, eta abesti batzuekin ere negar pixka bat egin nuen. Oroitzapen asko etortzen zaizkit burura. Abesti bakoitzaren atzean istorio bat dago niretzako; abesti horren prozesu guztia, alegia. Beraz, diskoa entzun nuenean pentsatu nuen bere gustukoa izango zela.
Diskoan jasotako abesti guztiak izango dira kuttunak, baina ba al da berezia denen bat?
Zaharren artean, Haizearen herrira abestiaren bertsioa asko gustatu zait. Haizeak beretzako zuen esanahiagatik: haizea jolastea zen Manolorentzat. Haizeak biluzten zituen zuhaitz haietan eskultura ikusten zuen berak. Abesti berrien artean, berriz, diskoa ixten duen Agur bat, lagun maite! izenekoa. Besarkatuz bukatzeko abesti horietakoa da.
Askok herrikoitzat jotzen dituzte Manoloren abestiak. Pailazoen diskoarekin pixka bat aitortzan jartzen da hori?
Baita ere. Askotan pintura bat ikusten dugunean badakigu nor den egilea, eta eskoletan ere lantzen da hori, margolariekin, idazleekin... Baina batzuetan haurrei kanta bat jartzen zaienean, ez gara arduratzen esateaz norena den. Bada aitortza bat! Manolok esaten zuen, «herrikoia jartzen du, baina zer gehiago eskatu behar duzu, nire kantak herriak bereak egin baititu». Berak zioen pirata bat izan zela; hau da, herritik jaso, ukitutxo batzuk eman eta berriro ere herriari itzuli ziola. Egiletza bat hor badago, baina hori ez da inportanteena.