Aldundiak Etxe Txikia laga dio udalari, etxegabeei zerbitzua eskaintzen jarraitzeko

Zarauzko Hitza 2016ko azaroaren 16a

Etxe Txikia eraikinean etxegabeentzako aterpetxe zerbitzua eskaintzen dute neguan (Aritz Mutiozabal).

2017ko martxoaren 31era egongo da indarrean lagapena.

Monte Albetiako Etxe Txikia eraikinaren erabilera Zarauzko Udalari doan lagatzea adostu zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluan, bertan gaueko harrera zerbitzua edo aterpetxea eskaintzeko. Gaurtik hasi eta martxoaren 31era egongo da lagapena indarrean.

Foru bozeramaile Imanol Lasak azpimarratu du "oso zerbitzu garrantzitsua" dela lehen mailako gizarte arretaren arloan. Izan ere, etxerik ez duten pertsonei hotzetik babesteko eta otordua hartzeko aukera ematen die aterpetxeak.

Ekimena 2011tik dago abian, et aurtengoa seigarren negua izango da. "Zarauzko Udalak funtzionamenduaren inguruan helarazi digun balorazioa positiboa da. Erabiltzaile kopuruak gora egin du urtetik urtera. Horregatik erabaki da erabilera lagatzea oraingo honetan ere”, adierazi du Lasak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide