Abian eztabaida prozesua bukatuta, birfundatzeko aroan sartuta da Sortu. Zohardia txostena aurkeztu dute, eta hori izango dute herritarrek eztabaidagai urtarrilaren 21ean Sortuk egingo duen kongresura bitartean.
Zer dela-eta birfundazioa?
Haritz Alberdi: Inportantea izan zen 2010ean Zutik Euskal Herria onartzea. Ikaragarrizko iraultza izan zen, ezker abertzaleak estrategia aldatu zuelako. Estrategia hori oinarri hartuta, egungo testuingurura berregokitzeko, Abian ezker abertzalearen ariketa kolektiboa egin zen joan den ikasturtean. Jendeak asko eman zuen, eta ondorioak dira gaur ezagutzen ditugunak. Orain ariketa da ezker abertzalea berrasmatzea. Sortuk egingo du ariketa, eta gero Ernaik eta LABek. Abianek ezker abertzalea eraldatzea proposatzen zuen, eta Sortuk hartu du lekukoa, hura delako ezker abertzalearen erreferentzia politikoa. Datorren fasean lortu behar da prozesu independentistaren olatua eraikitzea, eta herritarren gehiengoa independentziaren aldeko bihurtzea.
Nekane Zinkunegi: Sortuk hartu du zehaztasun horiek lantzeko ardura, eta birfundazioak erantzuten die irudikatzen dugun zerumugarako behar ditugun estrategiari eta tresnei; hau da, ezker independentistak nolako tresna izan behar duen erantzutera dator. Independentzia historikoki dagozkigun eskubideei eta kulturari lotu izan zaio, eta orain beharrezkoa ikusten da ongizatea ere burujabetzarekin lotzea. Independentzia zentzu pragmatikoan landu da. Estrategiak aglutinatzailea izan behar du, gehiengoa artikulatu behar du, eta gehiengoa artikulatzeari esker egingo dira urratsak.
Zer jasotzen du Zohardia ponentziak?
H.A.: Historikoki ezker abertzaleak eztabaida guztietan jasotzen duena: oinarri ideologikoak, ildo politikoa eta antolakuntza eredua. Oinarri ideologikoak dira Euskal Herri independentista, sozialista, feminista eta euskalduna. Berritzailea dena da ez dela ez mugimendu eta ez alderdi soila proposatzen, bietatik jasoko duen alderdi-mugimendu bat baizik. Horrez gain, antolakuntza eredua berria proposatzen da: gardena, horizontala, parte-hartzailea eta irekia.
N.Z.: Tokian tokiko errealitateari aurre egiteko antolaketa ereduaren alde egiten da. Marko nazionala, zuzendaritza taldea, erabakigune estrategikoak… egongo dira, baina herrietako egituren mesedetan lan egingo dute. Gainera, eguneroko dinamikari erantzuteaz gain, epe luzera begirako eta arnas luzeko planteamenduak egiteko ildoak egon behar dutela ere jasota dago txostenean. Berritzailea da horregatik guztiagatik. Irudikatu nahi dugun herri eredua definitzerakoan jartzen ditugun adjektibo horiek denak barne hartzen dituen antolakunde bat sortzera goazela dio: parte-hartzailea, demokratikoa, gardena…
H.A.: Historikoki beti egin du ezker abertzaleak errealitatearen irakurketa ahalik eta objektiboena, eta hortik abiatutakoak dira planteamenduak.
Elkarrizketa osoa eta Urola Kostako egutegia irakurgai daude Urola Kostako Hitzaren webgunean.