«Gazteek sare sozialak zertarako erabiltzen dituzten ulertu behar da»

Zarauzko Hitza 2016ko azaroaren 16a

Tolosaldeko atariak elkarrizketa egin dio Iratxe Esnaola Arribillaga Ingeniari informatiko zarauztarrari. Sare sozialak eta harreman arazoak, nola kudeatu? hitzaldia eskainiko du gaur, 18:00etatik aurrera, Ibarrako kultur etxean, Uzturpe ikastolak gonbidatuta.

Gaia pil-pilean dago; smartphonak, menpekotasuna, pribatutasuna, ciberbullyinga... egunerokoan txertaturiko hitzak dira jada. Hauek baina, eragin eta esanahi desberdina dute heldu edo gazte izan. Guraso eta seme-alaben arteko harremanetan presente dauden elementuak dira, eta arazo izan ez daitezen komunikazioa landu behar dela uste du Iratxe Esnaola Arribillagak. Hori bai, komunikazioa hizkuntza berean eman behar da, enpatian dago gakoa.

Zein da gaurko hitzaldiko helburua? Zer transmititu nahi diezu gurasoei?
Sare sozialek gaztetxoen bizitzetan zein paper jokatzen duten ulertzen laguntzea da nire asmoa. Gurasoei zuzendutako saioa da eta hortaz, ez dut tresna bakoitzaren definizioan sakonduko, euren seme-alabak edo inguruan dituzten gaztetxoak ulertzen lagundu nahi diet. Tresna hauek, sare sozialak zehazki, gaztetxoentzat ez dira tresna soilak, beraien nortasuna eraikitzeko tresna bat dira, berdinen artean integratzeko tresnak, aitortza soziala eskuratzeko modua... hau guztia alderdi baikorretik begiratuta. Enpatiaren garrantziaz ere hitz egingo dut, baina batez ere gaztetxoen artekoaz. Alderdi negatiboez hitz egiterakoan, bazterketez eta horrelako kontuez, enpatizazioa hartu behar da kontuan. Tresna hauek enpatizazio prozesua moldatzen dute; sare sozialetan parte hartzerakoan ez duzu ikusten bestea non dagoen, nola sentitzen den... eta beraz, bazterketak, irainak... errazago ematen dira. Mina publikoagoa izaten da eta azkarrago hedatzen da, gainera. Elkar ulertzen laguntzea da hitzaldiaren helburua; gazteek euren artean enpatizatu behar dute eta gurasoek tresna hauek zertarako diren jakin behar dute.  

Gero eta ohikoagoa da 11-12 urte arteko gaztetxoak smartphone batekin ikustea...
Gaur egun LH 6. mailan sare sozialak erabiltzen hastea ez da arraroa, geroz eta lehenago hasten dira. Inguruneak zerikusia du, eskualdeak, herriak... Horren arabera ere nolabaiteko ezberdintasunak daude, baina 11-12 urterekin hasten den prozesu bat izan daiteke. Gaztetxoa bere nortasun propioa eraikitzen ari den momentu horretan.

Negatiboa zein positiboa izan daiteke sare sozialen erabilera, baina badago nolabaiteko alarma. Nabaritzen al duzu hori hitzaldietan?
Guraso asko bai etortzen direla beldurtuta, jasotzen dituzten mezu negatibo guztien eraginez, eta nire lana da sare sozialak ez direla ezer txarra esatea. Erabileran dago gakoa, hori esaten da beti. Beste guraso batzuk nik magia egiten dudala pentsatuz etortzen dira, irtenbide baten bila. Baina ez da horrela. Gazte bakoitza mundu bat da. Nire nahia batez ere, hausnarketa sustatzea da. Etxe bakoitzean funtzionatzeko modu bat dago, printzipio eta balore batzuk dituzte, eta horiek teknologiaren alorrera eraman behar dira. 

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, bisitatu Tolosaldeko ataria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide