EH Bildu: "Urtebete galdu dugu aurrerapauso nabarmenik eman gabe"

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 11a, 17:16

EH Bilduko kideen agerraldia (Aritz Mutiozabal)

Bizikidetza Plangintzarekin "ez atzera, ez aurrera" dabiltzala adierazi du koalizioak. Bestalde, igandeko ekitaldian ez dute parte hartuko, Arrosategi Parkean dagoen plakak ez dituela "barnebiltzen" biktima guztiak.

Giza Eskubideak eta Bizikidetza Batzordearen urtebeteko ibilbidearen balorazioa egin du Zarauzko EH Bilduk gaur eguierdian. Koalizioaren ustez, "urtebete galdu dugu aurrerapauso nabarmenik eman gabe". Udal Gobernuaren hasierako asmoa Plangintza 2016ko apirileko udalbatzarrera eraman eta bertan onartzea zela adierazi dute, baina "gaur da eguna oraindik onartu ez dena".

Kontuan hartu beharreko denbora lerroa 1936tik gaurdainokoa da EH Bilduren proposamena, baina “gaur egun oraindik ere giza eskubideen urraketa ematen dela” esaten dutenean, "PSE-EEk bere desadostasuna adierazi du behin eta berriz". Hori dela eta, "ez atzera ez aurrera eginik gaude". Ondorioz, apirilaren 14ko Bizikidetza Batzordean, orduko batzordeburu Imanol Lasak proposamen bat landuko zuela eta alderdi guztiei helaraziko ziela gogora ekarri dute. "Tamalez proposamen hori ez zen inoiz landu".

 

Memoriaren Egunaren harira

Hilabete luzez Batzordea geldirik egon dela diote, eta Udal Gobernuak ez duela hartu "honen inguruko ardura". Bitarte horretan, irailean Imanol Lasak bere kargua utzi zuen, eta ardura Jesus Aranak hartu zuen. Batzordeburu berriaren gidaritzapean, Memoriaren Egunari –azaroaren 10ari– begirako lanketa egiteko hiru bilera egin dituzte azken astetatan, baina "horiek ez dute fruiturik eman" . Horietan, "oztopo berdinarekin" topatu direla azaldu du koalizioak: "PSE-EE alderdiaren jarrera eta adostasunera iristeko borondate faltarekin".

EH Bilduren hitzetan: "Gainontzeko alderdi politiko guztiok argi genuen, azaroaren 10an deialdi bakar eta bateratua egin behar zela biktima guztiak gogora ekarriz. PSE-EEk oraindik, biktima batzuk ezberdin tratatu nahi ditu, horretarako Arrosategi Parkean irudikatu azaroaren 10a". Horren harira, gogorarazi nahi izan dute Arrosategi Parkean dagoen plakak ez dituela "barnebiltzen" biktima guztiak: "Arrosategi Parkea biktima guztiak gogora ekarriko dituen gune bat izatea nahi badugu, inor baztertuko ez duen eta biktima guztiak gogoan izango dituen plaka bat jarri beharko litzateke".

Tamalgarritzat jo dute Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) gaiarekiko "erakutsi duen utzikeria". Koaliziaren arabera, "PSE-EEk ezarritako eta gainditu eziniko baldintzapetik atera ezinik aurkitzen delako EAJ". Adostasunik gabeko lan-bileren ostean, EH Bilduk bitan eskatu die bilera alkateari eta batzordeburuari, baina "ez dugu inongo erantzunik jaso. Hau ez da onargarria".

Udal Gobernuaren erabakia azaroaren 8an arratsaldez jaso zutela diote: "Deialdi bakarra eta bateratua egin beharrean, aurtengoan ere bi deialdi. Atzo udaletxe aurrean egin zen elkarretaratze isilean parte hartu genuen. Ez dugu parte hartuko, ordea, igandean Arrosategia Parkean egingo den deialdian, aurrez aipatu dugun moduan ez dugulako gaur egun Arrosategia Parkeak ez duelako biktima guztien oroimena jasotzen.

Urriko mozioak

Urriaren 27ako udalbatzarrean, EAJ eta PSE-EE alderdiek ETAren inguruko bi mozio aurkeztu zituzten, eta eztabaidan parte ez hartzea erabaki zuten EH Bilduko zinegotziek; Irabazi Zarautzeko zinegotziek ere gauza bera egin zuten. "Behin eta berriz esan dugu Bizikidetza Batzordean helburua, edozein gai plazaratu aurretik aurrez eztabaidatu eta adostasuna bilatzea izan dela eta kasu honetan eztabaida hori baztertu egin da. Aitzitik, mozioek justu kontrakoa zuten helburu, hau da, posizio politikoak markatzea indar-korrelazio horretaz baliatuz". Hori dela eta, udalbatzarraren aurretik eta bertan ere bi mozio horiek kendu zitezen eskatu zuten, eta Bizikidetza Batzordean eztabaidatu zitezen aurrera begira. "Gure eskaerari beste behin ere muzin egin zieten, eta alderdikeria gailendu zen EAJ eta PSE-EE alderdien partetik".

EH Bilduk "memoria inklusiboaren norabidean lan egiteko bere determinazoa" agerian utzi du, "inolako biktimarik baztertu edo sailkatu gabe eta giza eskubideen aurkako inolako urraketarik ahaztu gabe". Adierazi dutenez, “inoiz berriz ez” politika sendotuko duen memorian sinisten dute. "Egia, justizia eta erreparazioa nahi ditugu, ez iraganean trabatuta geratzeko, baizik eta etorkizun hobe batetara bideratu eta proiektatu ahal izateko".

Zentzu horretan, koalizioak eskua luzatu eta prestutasun osoa azaldu dio Udal Gobernuari elkarlanean bizikidetza plan bat garatzeko, "hori egitea beharrezkoa delako".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide