Zarauzko Musika plaza aukeratu du Katxiporreta Kooperatibak pailazoen lan berria aurkezteko. Arrazoia, disko-liburu berria bera bezala, bikoitza izan da: bertan jaio ziren duela gutxi zendutako Manolo Urbieta eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen musika egile Xabier Zabala. Eta, hain justu ere, biak izan dira argitaratu berri duten laneko musikaren sortzaileak.
Korrika da pailazoen lan eta ikuskizun berriaren oinarri. Tipi-tapa, Korrika! izenburua darama, eta Euskal Herria zeharkatu nahi dute euskararen aldeko lekukoarekin. Zarautzen, esaterako, abenduaren 30ean izango dira, Aritzabatalde kiroldegian, eta bi saio eskainiko dituzte, bata, 16:00etan, eta bestea, 18:30ean.
Gaia aukeratzeko arrazoien artean hiru nabarmedu dituzte: Marimotots Extremaduratik etorritako familia batean jaio zen eta erdal giroan hazi bazen ere, euskaraz ikasi zuen AEKn; Porrotx familia euskaldun batekoa bada ere, ingurua eta lagunartea eta erdalduna zituen, eta AEKn alfabetatu zen; eta Prirritxek duela sei urteko Korrika amaiera izan du gogoan, eta orduko hartan lekukoa eramanez jasota eta bizitako guztia sentiarazi nahi dute herriz herri.
Manolo gogoan
Haizearen herrira diskoan Manolo Urbietaren hainbat abesti jaso dituzte, batzuk zaharrak eta besteak berriak. Urbieta eredu izan dutela adierazi du hirukoteak, eta duela 25 urte argitara eman zuten lehen diskoan haren abesti batzuk jaso zituztela gogora ekarri dute. Oraingoan, musikagile zarauztarraren inoiz argitaratu gabeko abesti batzuk grabatu dituzte. Aitona-amonen eta haurren arteko harremana sustatzen duten abestiak dira honakoak, borondate horrekin sortuak.
Bigarren disko honen sustatzaile lanetan Urbietaren alargun Kontxi Aizarna ibili da, eta hainbat kolaborazio izan ditu: Salbatore Mitxelena Ikastolako haurrek hartu dute parte, Iosu Txapartegi Txapas-en gidaritzapean; eta Zarautz eta Zarautz Txiki abesbatzak, Jaione Eskuderoren eta Antxon Sarasuaren ardurapean. Mendi margolari zarauztarrak ere hartu du parte liburuxkaren diseinuan.
Hainbaten parte-hartzea
Ohi bezala, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lanean hamaika lagunek hartu dute parte, letragile, musikari edota kantari gisa. Batzuk aipatze aldera: Andoni Egaña, Uxue Alberdio, Jon Maia, Miren Amuriza, Bernanrdo Atxaga, Jabier Muguruza, Amets Arzallus, Onintza Enbeita eta Ane Labaka. Egan taldeari ere omenaldi txiki bat egin nahi izan diote taldearen izen bereko abestiarekin, eta Xabier Saldiasek abestu du bertan.
Disko-liburu berria uztailean, irailean eta urrian grabatu zuten, zortiz astez, Andoaingo Garate estudioan, Kaki Arkarazoren eskutik. Xabier Zabalaren gidaritzapean 32 abesti –17 eta 15– jaso dituzte, erritmo eta kolore askotarikoak.