Errefuxiatuen gaian Zarauzko Udalak duen konpromisoari eutsiz, eta "benetan zer gertatzen den" jakitera emateko, SOS Arrazakeriaren erakusketa ekarri dugu Merkatu plazara. Julen Aranguren Immigrazio teknikariaren esanetan, "garapen bidean dauden herrialdetan egindako politikak eta proiektuak bultzatu behar ditugula pentsatzen dugu, baina baita sentsibilizazioa ere".
Guztira, 17 panel informatibok osatzen dute erakusketa, eta hainbat esparru jorratu dituzte bakoitzean: pertsonen inguruakoak, Europako politikak, gizartearen erantzuna, historiako pasarteak, 36ko gerragatik ihes egindakoak, aurpegi ezagunak... Xehetasun eta azalpen ugari jaso dituzte panel bakoitzean, errefuxiatuen afera gertuagotik ezagutzeko.
SOS Arrazakeriako proiektuetako koordinatzaile Tarana Karimek nabarmendu du erakundetik "sentsibilizazio lanarekin" jarraitzen dutela: "Edozein diskriminazioren aurka egiten dugu lan, eta erakusketa honekin bertako gizartea, jendea eta ikasleak hurbildu nahi ditu gai honetara. Ez bakarrik gaur egungoa den Siriako kasura, baizik eta gai hau bere osotasunean landuz. Nolabait ere, herri honen eta gizarte honen historian dagoen gaia ere ekarri dugu".
Gaiaz hausnartzeko
Karimen adierazi du "eztabaidatzeko, ikusteko eta hausnartzeko" gaia dela. "Gizarte aldetik oso ongi erantzun dugu, baina zain gaude instituzioek eta Europako Batasuneko gobernu guztiek maila bereko erantzuna eman dezaten". Erakusketarekin uste okerrak uxatu nahi dituzte, gainera: "Europan sortu diren errefuxiatuen aurkako politikekin amaitu nahi dugu. Jendearen enpatia bultzatu nahi dugu, gure alde gizatiarra erakusteko. Sentsiilizazio lanarekin emaitza hori lortu nahi dugu".
Pablo Garcia Kooperazio zinegotziak gaiaren inguruan udalaren jarraibideak zeintzuk diren zehaztu ditu: "sentsibilizazioa, erakusketa honekin egiten ari garena; laguntza errefuxatuen kanpalekuetan, GKE ezberdinei bideratutako diru-laguntzen bidez; eta harrera afektiboa, lanean dihardugu gauzatu ahal izateko". 60 milio errefuxiatu daude mundu osoan, eta Siriako gatazkaren eraginez 5 milioi inguru dira errefuxiatua. Hori horrela, Garciak dio "gure obligazio morala" dela tokian tokitik laguntzea.
Erakusketa egunero izango da ikusgai, azaroaren 26ra arte, 18:00etatik 20:00etara. Horrez gain, goizetan bisitak egingo dituzte herriko ikastetxeek DBHko ikasleekin.