Talaimendiko etxebizitzak bikoiztuko dituzte, eraikigarritasuna mantenduz

Zarauzko Hitza 2016ko azaroaren 7a

Familia bakarreko etxebizitzak Talaimendin (Aiora LarraƱaga Solaberrieta).

Talaimendi eremuko Santaiturrieta zatiari dagokion plan orokorraren aldaketari hasierako onespena eman zioten urriaren 27ko osoko bilkuran. Egokitzapen horrek aukera emango luke etxebizitza kopurua bikoizteko aipatu eremuko familia bakarreko etxebizitza isolatuko eraikinetan edo bi familiako eraikin atxikietan.

Familia bakarreko 61 etxebizitza eraikitzea aurreikusi zen bere garaian Santuiturrietan, baina orain artean 30 bakarrik eraiki dira. Krisialdi ekonomikoaren eraginez, gainerako 31 etxebizitzak eraiki gabe geratu dira. Plan orokorraren aldaketarekin, eraikitzeko dauden etxebizitza kopurua bikoiztu egingo da, aurretik zehaztutako eraikigarritasuna eta altuera neurriak handitu gabe. Modu horretan, egoerari «irtenbidea» eman nahi dio Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE), eremu horretako egoitza multzoa behin betiko bukatuta geratu dadin.

Udal Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin onartu zen gaia. EH Bildu abstenitu egin zen, halako eremuetan «garapen urbanistiko bat egitearen aurka» daudelako, nahiz eta «badakigun kasu honetan ez garela hutsetik hasten eta kalte gehiena eginda dagoela». Irabazi Zarautz aurka agertu zen, eta Talaimendiko ordenantza gainbegiratu beharko litzatekeela adierazi zuen, «eraikitzeko dauden etxebizitzen proiektua bertan behera uzteko eta eremu hori urbanizaezina bihurtzeko».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide