Bueltan da berriz ere atletismoko Zarauzko hitzordu klasikoa: Isidoro Unzueta Saria. Urtero, ehunka haur biltzen ditu eskolarteko kros txapelketa horrek, eta baita ikuslego zabala ere. Igandean jokatuko dute herriko umeek 47. urtez ospatzen den proba hori, 16.urtez Unzueta zenaren omenez.
Proba horrek eskolarteko kros denboraldiari hasiera emango dio eta, ohi bezala, Zarautz Kirol Elkartearen atletismoko atalak antolatu du.
Aurtengo txapelketak ere aurreko urteetakoen egitura bera izango du. 10:25etik aurrera, La Salle ikastetxearen azpiko gunea, Abendañoko zelaia krosaren gune bilakatuko da. Bi itzuli izango dira aukeran: bata, itzuli txikia, 500 metrokoa izango da, eta bestea, itzuli luzea, 720 metrokoa. Mailaren arabera bat edo bestea, edo bien arteko uztarketa bat egin beharko dute haurrek.
Benjaminek, neskek zein mutilek, 500 metro korritu beharko dituzte, zirkuituari itzuli txiki bakarra emanez. Kimuek, berriz, 1.220 metro egingo dituzte, zirkuituari itzuli txiki eta handi bana emanez.
Dutxak, La Sallen
Korrikalari infantilen kasuan, egin beharreko metro kopurua aldatu egingo da sexuaren arabera: neskek 1.440 metro korrituko dituzte, bi itzuli handi eginez, eta infantil mutilek, berriz, 1.940 metro, bi itzuli handi eta itzuli txiki bat osatuz. Aipatutako hurrenkeran jokatuko dituzte lasterketak, benjaminekin hasi eta infantilekin amaituz. Lehena 10:25ean izango da eta, azkena, 11:40an.
Txapelketa amaituta, sari banaketa egingo dute. Ohi bezala, La Salle ikastetxeko aldagelak eta dutxak erabili ahalko dira.