14 urtez profesionaletan lehiatu ondoren, erretiroa hartu du Zumaiako bizilagun Mikel Aierbe (Zarautz, 1976) pala jokalariak. Duela bi aste egin zioten agurreko omenaldia Armintzako pilotalekuan.
Asimilatu al duzu jada erretiraratu zarela ala oraindik ez?
Aspalditik nago mentalizatuta. Urte hasieran pentsatu nuen erretiroa hartzea, eta oso gustura nago hartutako erabakiarekin. Ez nago batere triste; alderantziz baizik, desiatzen nengoen. Urte asko izan dira, asteburu ugari pilotan, umeak ere handitzen doaz... eta gogorra egiten da.
Zein izan da azken denboraldia izango zela erabakitzeko faktore nagusia?
Urte hasieran binakako Munduko Txapelketa jokatzen da. Lau bikotek jokatu ohi dute, eta azken bi urtetan kanpoan geratu naiz; izan ere, jokalari nagusiena nintzen eta jokoz ere hortxe-hortxe nenbilen. Ondorioz, bi hilabete geldirik pasatzen dituzu, eta gero jokoa eta erritmoa hartzea kostatu egiten da. Horrez gain, 14 urteek ere pisatu egiten dute, eta motibazioa ere gutxitzen doa: aste tartean lan egin ondoren, asteburutan partidak jokatzera joatea kosta egiten zaizu. Gainera, nik espero nituen txapelak irabazita zeuzkan lehen mailan; hau da, binakako hiru txapelketa garrantzitsuenak.
Ordua heldu zitzaizula, alegia.
Bai, nahikoa egin nuela esan nion neure buruari. Nik ere antzematen nuen jokoan ez nuela lehen ematen nuen gerra hori ematen. Eta motibazio edo txintxarta hori gabe frontoira sartzen bazara, egurra jasotzen duzu, eta hori ere ez zait gustatzen, oso lehiakorra naizelako.
Eta enpresari dagokionez?
Beraiekin hitz egin nuen, eta urte bukaera arte liga jokatu nahi nuen galdetu zidaten. Alde horretatik, pixka bat gehiago jarraitzeko aukera eman zidaten, baina bost segundu besterik ez nuen behar izan pentsatzeko, eta ezetz erantzun nien. Udako denboraldia bukatuta, agur esatea erabaki dut.
Lehen mailan espero zenuen guztia irabazi duzula diozu...
Banakakoa falta zait. Garaipenik handiena, alegia. Baina nik argi neukan nire maila zein zen, eta banakakoa ezin nuela irabazi. Binaka puntan-puntan ibili naiz, baita atzelari gisa ere, baina banakakoan egun nortzuk dabiltzan ikusita, ezinezkoa zen. Bigarren mailan bi aldiz irabazi nuen banakakoa, debutatutako urtean eta hurrengoan, eta benetan hasiera itzela izan zen. Lehen mailan, berriz, binakako hiru txapela garrantzitsuenak lortu ditut: 2012an, Munduko Txapelketa; 2013an, Ligakoa; eta 2014an, Nazioarteko Irekia. Maila handikoak izan ziren hiru finalak, aurkari handien kontra, eta oso harro nago lorpen horiekin, egia esan.
Pilota munduan pala ahaztuta bezala dago. Alde horretatik, lortu dituzun garaipenak gutxi baloratu direla uste al duzu?
Bai, eta batzutan pena ematen dizu, baina argi izan dut errealitatea zein den. Orain, erretiratu naizenean sekulako oihartzuna sortu da. Komunikabide askotan orrialde osoa eskaini didate. Hain justu ere, erretiroa hartutakoan egingo naiz famatu! Euskadi Irratian eta telebistan hainbat emanaldi ematen dituzte, baina gainerakoan, gure errealiatea hori da... eta zer egin behar dut, haserretu? Hasieran amorru pixka bat ematen zidan, baina 14 urte eta gero, dagoena onartu beharra dago, nahiz eta pena ematen dizun. Esku pilotarenganako apustua egin dute eta kitto.
Horrek palaren egoera baldintzatu al du?
Nik debutatu nuenean ere pala oso larri zegoen Bilboko Deportivo pilotalekuan. Hasieran enpresa bat ezagutu nuen; gero beste batek hartu zuen, eta hark itxi egin zuen, zorrak utzita guztioi... Zazpi-zortzi hilabete egon ginen geldirik eta itxaropen handirik gabe. Bizkaiko Foru Aldundiak esku hartu zuen, bilera batzuk egin genituen, eta aurrera atera zen Bilboko Bizkaia Frontoiko proiektua. Frontoi motzean eta artekaririk gabe; hau da, beste era bateko pala bat jokatzen hasi ginen, Deportivoko frontoi luzearekin alderatuta. Klasikoek esaten dute egun jokatzen dena ez dela pala, baina tira! Niretzako pala da, baina ezberdina, eta lehen baino ikuskizun handiago ematen ari gara.
Kalitatea eta ikuskizuna badago. Zaletuak falta al ditu?
Finaletan 800-1000 ikusle izatea gozamena da guretzat, eta horretaz oso harro gaude. Baina jarraikortasun gehiago izatea nahiko genuke; esaterako, Ligako jardunaldietan 300 pertsona etortzea. Hori da lortu behar duguna, egunerokoan jende gehiago erakartzea frontoira. Edonola ere, jakin badakigu oso zaila dela.
Eta hori lortzeko zer behar da?
Publizitatea, marketina, babesleak... Guztia zirkulu bat da, azken finean. Pilotariak ez du horretaz arduratu behar. Pilotariak ikuskizuna eskaini behar du frontoian, sasoian egonda eta duen guztia emanda. Ezin du hesiaren bestaldera pasa eta enpresari lanetan hasi. Jakina, gu desiatzen gaude gauza gehiago lortzeko eta jende gehiago etor dadin, baina hori enpresaren ardura da. Hobeto egon gintezkeen, baina baita okerrago ere: kalean. Ni, behintzat, pribilegiatua sentitu naiz. Soldata polita jasotzen nuen pilotatik, eta, aparte, nire lana daukat. Beraz, horrek oso ongi bizitzeko ematen dizu.
Zuri nondik datorkizu palarako zaletasuna?
Zaletasuna familiatik datorkit, nire aita palista izan baizen. Txikitatik izan dugu pala etxean. Gu hiru anai gara, eta elkarren arteko lehia antolatuta geneukan: aita eta biok bi anaien aurka. Pare bat urtez afizionatu mailan jokatu nuen anaiarekin, eta 20 urterekin Oiartzunera joan nintzen jokatzera. Han pertsona oso garrantzitsu bat zegoen: Antxin Ezkerro. Afizionatuetan puntan-puntan ibiltzen zen, eta berekin jokatzen zuenak profesionaletan debutatu zuenez, berekin jokatzeko proposatu zidan. Palarako dohainak nituela ikusi zuen, eta niretzat ohore bat izan zen. Antxinekin afizionatuetako garaipen handienak lortu nituen, eta 26 urterekin profesionaletarako deia jaso nuen.
Kirol profesionalerako adin nahiko heldua ez al da?
Palan, ordea, beranduago ematen da jauzia. Zailtasun handiko kirola da, eta palan jokatzeko adin tarte egokiena 30etik 35erakoa dela diote. Beste kirol batzuetan erretiroan pentsatzen ari direnean, palan orduan izaten da garairik onena. Sasoiak eta indarrak asko balio dute, baina pilotari ez badiozu behar bezala ematen eta frontoian ongi kokatu ezean alferrik zabiltza.
Indarra baino teknika kontua da gehiago, orduan.
Indarra ere behar duzu, pala kilo bateko egur puska bat delako, baina pilotari indartsu askok debutatu dute afizionatu mailan azken bost urtetan, eta ez dute ezer egin, ez dutelako pilota mugitzen. Teknikaren eta indarraren arteko oreka bat da, nolabait esateko.
Zure ibilian, hainbat pilotari ezagutu dituzu. Baina Esteban Gaubeka izan duzu lagun-mina.
Profesionaletan, bai, zalantzarik gabe. Harreman oso estua izan dut berekin, batzuetan estuegia ere bai. Senar-emaztea bezala batzuetan. Biok jokalari sutsuak izan gara, eta partida askotan kantxaratu gara elkarri hitz egin gabe, sekulako muturrekin edo kristorenak esaten. Baina, tira, gero telefonoz deitu eta konpondu egiten genuen. Frontoian izan dugun feeling hori oso polita izan da. Oso lehiakorrak eta beroak izan gara, eta bikote moduan oso zailak izan ginen aurkarientzat. Elkarrekin asko gozatu dugu.
Beraz, omenaldiko partida elkarrekin jokatzea eta irabaztea amestutako agurra izango zen?
Hala izan zen. Gainera, agurra Armintzan izan zen, Gaubekaren herrian. Izan ere, berekin ez ezik, bere kuadrilla eta herri osoarekin ere sekulako harremana izan dut. Herri txiki bat da, 600 lagunekoa, eta elkarrekin Munduko Txapelketa Mungian irabazi genuenean, Armintzan ospatu genuen bertakoekin. Harreman handia egin nuen haiekin. Eta omenaldi bat jasotzekotan, gustukoen han jasoko nukeela esaten nuen. Han etxekoa bezala sentitu bainaiz.
Eta Zarautzen? Norbera ez da profeta bere herrian?
Bai, baina nik argi eduki dut. Zarautzen bizi nintzen arren, nire kirol ibilbide guztia Oiartzunen egin dut. Zarautzen, hurbilekoak kenduta, eta palak duen oihartzun gutxi horrekin, gainerakoek ez zuten nire berri. Profesionaletara jauzi egin nuenean zertxobait gehiago eman nintzen ezagutzera, baina handik ia bi urtera Zumaiara joan nintzen bizitzera... Ez diot aparteko garrantzirik ematen.
Zarautzen jokatu al duzu profesionaletan?
Bai, pare bat aldiz. Udako partida solteak izan ziren; bata, duela hiruzpalau urte, eta bestea, orain dela hamar urte. Zarautzen zaletasun handia egon zen, Zinema pilotalekuaren garaian. Bertan hasi nintzen ni neu ere, Aristi txapelketa jokatzen. Nire aitak bertan jokatzen zuen, eta ni ere han hasi nintzen 18-19 urterekin. Gero, Zinema kendu zuten, eta palako zaletasun hori pixka bat desagertu egin zen.
Erretiroa hartuta, pala alboratzeko asmoa al duzu?
Ez, inolaz ere. Palarekin asko gozatzen dut, eta jokatzen jarraituko dut astegunetan Donostialdean, Antxinekin eta beste lagun batzuekin. Talde oso jatorra da eta maila oso polita dute, eta ea lekutxo bat egiten didaten. Nik gozatu egiten dut palaz, eta uste dut horretarako oraindik urte asko ditudala aurretik.
Palista gisa, nola oroitarazi zaitzaten gustatuko litzaizuke?
Guztia eman duen palista moduan. Aurreko batean nire arduradunak zioen eredu bat izan naizela gazteentzat, entrenamenduetan eta partidetan dena eman dudalako. Hori polita da, benetan. Nik hala sentitu dut, eta jarrera hori izan dut urte hauetan guztietan. Azken finean, profesional bat bezala oroitu nazaten gustatuko litzaidake, entrenamendueten eta partidetan intentsitatea eta seriotasuna jarri duen pilotari bat bezala.