Larunbatean, ia 400 ikasle bildu ziren Astiko zelaian, eskola arteko jardunaldietan. Guztiek izan zuten aukera errugbia ezagutzeko. Horren ondoren, arratsaldean, Durango Rugby Taldearen bisita jaso zuten zarauztarrek. Zarauztarrek umore onez hasi zuten partida, baina bi minutu igarota, aldatu egin zitzaien aldartzea, bizkaitarrek egindako entsegu eta transformazioaren ondorioz. 0-7 jarri zuten markagailua. Xabat Amilibiaren golpe bati esker, ordea, 3 puntu gehitu zituzten beltzek.
Durangarrek behin eta berriz gainditu zuten zarauztarren 22 metroko marra, eta presioaren ondorioz, beste entsegu eta transformazioak egin zituzten. Hala ere, zarauztarrek euren izaera erakutsi eta Durangoren entsegu marka gainditzea lortu zuten lehen zatia amaitzear zela. Xanti Irazustaren entsegu bat etorri zen gero, eta Amilibiak ere ez zuen hutsik egin. Hala, 14-14 eginda heldu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatia hasi bezain laster, Xabaten anaiak, Aitorrek entsegu bat egin zuen. Minutu batzuk geroago, bi anaiek elkarrekin beste entsegu eta transformazio bana lortu zuten, 28-14 puntuazioarekin aurrea hartuz durangarrei. Horiek ez zuten amore eman nahi izan, eta partida amaitzeko 15 minutu besterik ez zirenean falta bi entsegu egin eta amaieran 33-26ko jarri zuten markagailua.
Zarauztarrek garaipena eta eraso bonusa lortu zituzten, baina bizkaitarrek, ongi borrokatutako defentsa bonusa. Garaipen horrekin Babyauto Zarautz Rugby Taldeko mutilak sailkapenean 4. postura igo dira.
Datorren igandean, hilaren 6an CRAT taldearekin neurtuko dituzte indarrak zarauztarrek, A Coruñan.