Azaroan esleituko dituzte Santa Klarako lur azpiko pasabideko obrak

Zarauzko Hitza 2016ko urriaren 28a

Dagoeneko bukatu dituzte komentuko irisgarritasuna bermatzeko lanak, eta aurreikusi dute lur azpiko pasabidea urte hasieran hasiko direla egiten.

Gaur amaitu da Santa Klarako lur azpiko pasabidea esleitzeko lehiaketara aurkezteko epea. Behin proposamenak jasota, Eusko Jaurlaritzak hemendik hiru astetara jakinaraziko du zein enpresa izango den obrak egingo dituena.

Lanek eragina izango dute inguruan, eta hori dela eta, Xabier Txurruka alkatea inguruko bizilagun, merkatari eta ostalariekin bildu da esleipena egin aurretik, proiektuaren nondik norakoak azaldu eta ekarpenak jasotzeko. Jakinarazi dutenez, merkatariek eta ostalariek eskatu dute lanek ez kaltetzeko gabonetako kanpaina. Izan ere "kezkatuta" daude, "egunero ehunka oinezko eta bizikleta gainean doazen pertsona igarotzen baitira pasabide horretatik". Txurrukak adierazi du garai horretan bidea irekita mantentzea "garrantzitsua" dela, "eta ahalik eta gutxien eragitea merkataritza eta ostalaritza jarduerari".

Aurreikusi du abenduan hasiko direla egungo egiturak desbideratu aurreko lanekin, baina obrei urtarrilean helduko dietela "buru-belarri". Aurrez, ETSk udalari jakinarazi bezain pronto, enpresa eraikitzaileak obraren eragina izango dutenei lanei buruzko informazioa eta epea emango die.

Zarauzko alkateak gogoratu du egungo pasabidea kendu eta lur azpikoa egitea "agintaldiko proiektu estrategikotako bat" dela. Udalak eta ETSk 2015eko abenduan sinatu zuten lankidetza akordioa, eta Eusko Jaurlaritzak hartu du bere gain finantziazioa, 2017rako konpromisozko kreditu batekin.  2.481.049,45 euroko aurrekontua izango du, BEZ barne.

"Eusko Jaurlaritzarekin izandako harremana primerakoa izan da eta bere jarrera ona eta inplikazioa eskertu nahi dut", dio Txurrukak. "Urte bat baino gehiago daramagu gogor lanean amets hau 2018an egi bihurtu dadin". Jakinarazi du egungo pasabidea kendu eta lur azpiko pasabidea eraikitzea "aldaketa nabarmena" izango dela herriarentzat zein Santta Klara kale eta inguruarentzat.

"Berunbanizazioa egin eta galtzada hobetuko dira eta, etorkizunean Herrikobarra eta San Frantzisko kaleak oinezkoentzat bihurtzen direnean, kale horiekin lotuko da. Modu honetara, trenbideak sortutako oztopoak ahaztuz eta zarauztarron segurtasuna eta mugikortasuna hobetuz".

Irisgarritasuna, bermatuta

Lur azpiko pasabidearen proiektuarekin batera, Santa Klarako komentuko irisgarritasuna hobetzeko lanak egitea ere erabaki zuten. Pasabidea egiteko, komentuaren sarrerako zatia eskuratu behar izan zuen udalak; 199 metro koadroko lursaila, zehatz-mehatz. Horretarako, hitzarmen bat adostu zuen mojekin: Klaratarren komunitateak lursaila udalari emateko konpromisoa hartu zuen, eta udalak, bere aldetik, azpiko pasabidearen eta komentuaren inguruan irisgarritasuna hobetzeko berurbanizazioa bere gain hartzekoa.

Otegi-Gaztañaga S.L. enpresari egokitu zioten lan horiek egiteko ardura, 45.930,08 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin, eta irailean hasi zen obra horiekin. Duela egun batzuk amaitu dute, "aurreikusitako epea baino lehen".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide