«Mendizaletasuna galtzeko zorian gaude; esnatzeko garaia da»

Zarauzko Hitza 2016ko urriaren 25a

Luix Mari Zulaika (Hitza).

Mendizaletasunean etena gertatzen ari da belaunaldien artean. Gaiari buruzko diagnostikoa eta proposamenak egin ditu Luix Mari Zulaikak, Gipuzkoako Mendi Federazioaren laguntzarekin. Berriak elkarrizketatu egin du.

GMF Gipuzkoako Mendi Federazioko lizentzien kopuruak gorakada nabarmena izan du aurten: 14.800ekoa zen iaz eta ia 500 gehiago lortu ditu aurten. Gipuzkoako federazioen artean mendikoak du lizentzia gehien, baina haurren artean zaletasunak beherakada nabarmena izan du azken hogei urteetan. Egoeraren larritasuna kontuan hartuta, Luix Mari Zulaika EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko irakasleak (Zarautz, Gipuzkoa, 1965) egitasmoa aurkeztu berri du haurren artean mendizaletasuna sustatzeko, GMFren babesean. Berriak Zulaika eta Tetxus Barandiaran GMFko kudeatzailea (Donostia, 1956) elkartu ditu, gogoeta egiteko.

Nori otu zitzaion txostena egiteko beharra?
Tetxus Barandiaran: Luix Mariri. Beherakada ere nabaritzen hasiak ginen. Jarduera berriak prestatzen genituen, gazteen zaletasuna sustatu nahian, baina zaila ikusten genuen joera aldatzea. Iaz Luix Mari etorri zitzaigun ikerketa bat egin nahi zuela esanez. Esku zabalik hartu genuen bere proposamena.

Luix Mari Zulaika: Herriko mendi taldean umeen irteerak prestatzen ibiltzen naiz, eta azken urteetako bilakaera nabarmena zen. Kezkatuta nengoen, eta datuak behar nituen. Federaziora etorri nintzen datuen bila, eta hortik hasi ginen.

Eztabaida taldeekin ordu asko pasatu dituzu. Eraginkorrak izan al dira?
L.M.Z: Ondo atera direla uste dut. Jendeak ideiak botatzen zituen, eta, askotan, beste ideia asko atera izan dira haritik tiraka. Uste dut jendeak pentsatzen zuena bota duela, eta ideia batzuk mingarriak izan daitezkeen arren erakundeentzat edo ordezkarientzat, saiatu nahiz jasotakoa azaltzen. Gero, bakoitzak ikusiko du.

Gizartea erosotasunean ohitu omen da.
L.M.Z: Askok, hori entzun dutenean, belarritik tira ere egin didate, ea nor naizen ni hori esateko eta abar. Metodologia kualitatiboan iritziak jaso besterik ez dut egin, eta hori oso zabaldua dago. Ez da nik asmatutako zerbait. Hainbat eragilek hori esaten badute, zerbaitegatik esango dute.

Jarduera gehienetan beherakada nabarmena izan da, baina denen gainetik aipatu beharrekoa da ibilaldi neurtuena: %76ko beherakada azken 20 urteetan. Zer iritzi duzue horri buruz?
L.M.Z: Argi gorria piztu behar da. Hainbesteko beherakadarekin, galdera hau datorkit burura: benetan axola al digu mendizaletasuna desagertzeak? Gizarteari galdetu behar zaio. Zeharka ere galde daiteke: herri honek zerbait galduko al luke Euskal Herrian izan den mendizaletasuna galduko balitz? Egin beharreko galdera da, ea baten batek begiak irekitzen dituen. Gure kulturan hain sustraitua edo errotuta eduki dugun mendizaletasuna galtzeko zorian gaude. Esnatzeko garaia da. Neurriak hartzen ez baditugu, ez dakit zein ondorio izango dituen hemendik urte batzuetara.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide